Greba feminista orokorrari ekiteko Lezoko bilkura, hilaren 18an
Batzarra 19:00etan hasiko da, Ibaiondon. Ahalik eta eragile zein norbanako gehien bildu nahi dituzte bertan.
Azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu dute. Herriko egitekoei ekiteko batzarrera deitu dituzte lezoarrak hilaren 18rako (asteazken honetarako): 19:00etan da bilkura, Ibaiondon. “Ahalik eta eragile zein norbanako gehienengana iristea dugu helburu. Zabaldu, eta aukera izanez gero, azaldu”, adierazi dute deitzaileek. Euskal Herrian egingo da greba.
Azaroaren 30eko grebaldiak zaintza esparrua izango du ardatz. “Ehun produktibotzat hartzen dena gelditzea ez ezik, zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea ere izango du helburu grebak”. Azaroko azken eguneko aldarrikapen eta borroka egunean zaintzak “familiarizatua” eta “pribatizatua” izateari utz diezaiola exijituko dute, eta “sistema osoa bere horretan auzitan” jarri: “Greba politikoa izango da”.