EAJ: "Udal tasak malgutzeko eraginkorrak diren hobariak aplikatzea eskatzen dugu"
Zaborren tasa %8 igotzeari ezetz bozkatuko diola azaldu du EAJk gaur egindako agerraldian.
Udal gobernuak 20245rako aurkeztutako ordenantza fiskalak. Horien aurrean, hainbat proposamen egin ditu alderdi jeltzaleak, eta zaborraren tasa %8 igotzeari ezetz bozkatuko diola aurreratu ere.
Gaur eguerdian egin dute agerraldia EAJren bozeramaile Elixabete Murua eta zinegotzi Luis Mari Oiarbidek. Jeltzaleen helburua inflazioak eragindako “egoera ekonomiko delikatua” arintze aldera udal tasak malgutzeko eraginkorrak izan daitezkeen hobariak aplikatzea dela esan du eledunak”. Haien hitzetan, herritarrak, saltoki txikiak, ostalariak, eta industria sarea laguntzeko “udal diru bilketarako politika eraginkor bat behar du Errenteriak”.
Jeltzaleen proposamenaren alderdietako batzuk aletu ditu ondoren, Muruak. Hala, familia ugariei zuzendutako hobariak jasotzen dituela EAJren proposamenak azaldu du, “egungo jaiotze tasa azken hamarkadetako txikiena da. Hobarien bitartez, familia hauek lagundu nahi ditugu zerga tasak ordaintzeko garaian”. Hori horrela hobariak proposatu dituzte OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan.
Gobernu taldeak hutsik dauden etxebizitzei ezartzea proposatutako %150eko errekarguarekin ez dago ados, bestalde alderdi jeltzalea, “gure taldearen aburuz, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko, politika publiko positiboak planteatu beharko lirateke”. Horrenbestez, OHZren gaineko errekargu hori bertan behera uztea proposatu dute.
Hondakinen bilketaren gainekoz ergan ere ez dator bat EAJ Udal Gobernu Taldeak egindako proposamenarekin, eta aurreratu du ez duela babestuko zerga hori %8 igotzea, “ezetz bozkatuko diogu %8ko igoerari”. Horrekin lotuta beste proposamen bat egin du, hondakin organikoa gaika biltzeko udal programan modu aktiboan parte hartzen duten etxebizitzei %35eko hobaria ezartzea proposatu du.
Progresibitateari egin dio erreferentzia azkenik EAJren bozeramaleak, esan duenez, “ezinbestekotzat” jotzen baitute hura “errealitate bihurtzea. hau da, ahal den neurrian, baliabide gehien dutenek gehiago ordaintzea eta gutxien dutenek gutxiago”.
Progresibitatea bereziki zein zerga eta tasei ezarri zehaztu du gainera: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, Hondakinen Bilketa eta Ezabaketa Zerbitzuaren tasan, eta ur hornidura eta Estolderia zerbitzuetako tasan, “herritar guztiek ordaindu behar dituzten tasak dira, baina errenteriar guztien errealitatea ez da berdina, horregatik da garrantzitsua ahal den neurrian errealitate ezberdinetara egokitzea”.