[Erreportajea] AlaBEERga, gelditzeko etorri den garagardo azoka
Atzo hasita, hemezortzi garagardo eta jatekoak dastatzeko aukera dago Alabergako plazan, igandera arte. Arditurri Auzo Elkarteak antolatuta, segida izateko bokazioz heldu da garagardo azoka.

Garagardozale direla aitortuta, edari horrekiko grinak eta garai batean Errenteria-Oreretan antolatzen zen Garagardo Festak utzitako hutsunea bete asmoz antolatu dute lehenengo AlaBEERga garagardo azoka. Atzean, Arditurri Auzo Elkartea, eta zehazki, elkarteko kide diren zortzi auzotar.
Aritz Sanchez Vicente da lehen azoka egi bihurtu duen auzotarretako bat. «Urteak generamatzan garagardo azoka antolatzeko asmoarekin, eta haren formatua definitzea izan da denbora gehien eman diguna. Hasieran elkarte barruan, gertuko garagardo artisauekin, eta gastronomia eta garagardoa uztartuta egitea zen asmoa. Azkenean, baina, ohiko garagardo azokaren aldeko apustua egin dugu, ukondoa, patata purea eta saltxitxen eskaintzarekin osatuta». Azokaren antolaketaren atzean «garagardoa gustuko duen kuadrilla» dagoela esan du Sanchezek: «Inguruan egiten dira, eta gure herrian egiten bazen ere, hutsunea zegoen azken urteetan eta aurrera egitea erabaki genuen garagardoari bere tokia emateko».
Atzo zabaldu zuten azoka, eta gaur, bihar eta etzi, 18:00etatik aurrera izango da zabalik. Bertaratzen direnek hamasei kañero eta glutenik gabeko garagardo bat, zein 0,0ko beste bat izango dituzte aukeran, hemezortzi garagardo orotara. Glutenik eta alkoholik gabeko garagardoek gero eta eskari handiagoa dutela dio Alabergako azokaren antolatzaileak: «Alemaniako Krombacher 0,0 garagardoa dugu azokan. Ez da ohikoa, beraz, horren aldeko hautua egiten dutenek bereziagoa den garagardoa dastatzeko aukera dute». Artisauek ere badute presentzia, handia ez bada ere: «Bidasoako bi garagardo daude, lager blonde eta ipa bana. Horiekin batera, garagardo horia, suabea, radler holandarra, gorriak, beltzak eta gariarenak izango dira aukeran».
Ia denak komertzialak omen dira, ez baitute erraza artisau garagardo ekoizleek lehia. «Ezin dute komertzialekin lehiatu. Batetik, jendeak gehien-gehienetan ezagunak diren garagardoetara jotzen du. Bestetik, garagardo komertzialen kasuan, barrilak ekartzen dituzte eta listo; artisauen kasuan, berriz, ekoizleak datoz, eurek zerbitzatzen dute, eta azalpenak eman ekoitzitakoen gainean, prozesuaren inguruan. Txikiak direnez, lan handia suposatzen die salmenta urria egiteko, gainera».
Azoka zenbakietan
Lehen urtea denez, kopuruei neurria hartu behar dietela aitortu du Arditurri elkarteko kideak, eta azokaren lehen ekitaldiak horretarako beta emango dien zalantzarik ez du. Denera 2.880 litro garagardo zerbitzatuko dituzte igandera arte Alabergako plazan muntatu duten karpan. Jatekoak ere, ohikoak, dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zehazki 400 ukondo, eta mila saltxitxa erraziorekin ausartu dira lehen azokan. Patata frijituak, entsalada eta postrea, intxaurrak eta irasagarra ere aukeran menua osatu nahi dutenentzat. «Datorren urtean honek funtzionatzen badu, joango gara kopuruak eta errazioak doitzen».
Salneurriei dagokienean, garagardo berezia 4,50 euroan dago salgai, eta normala 3,50ean. Jatekoak, berriz, honako prezioetan dituzte salgai: ukondoa patata purearekin 13 euroan; eta saltxitxa errazioa patata purearekin 5 euroan. Lekuari dagokionean, jarri duten karpak 220 lagunentzako lekua du, eta euririk egiten ez badu, kanpoaldean ere jarriko dituzte mahaiak. Espazioa, beraz, ez da aitzakia izango azokara bertaratzeko.
Asteburu honetakoa lehenengoa izango da, baina, argi dio Sanchezek: «Gelditzeko etorri gara. Honakoa lehenengoa izango da, eta horrela jarri dugu gure afixetan, jarraipena emango diogulako». Garagardozaletasunari ez diote iskin egingo, beraz, eta plaza bat, iraupen luzekoa sortu nahi dute Alaberga auzoan, udalerrian garagardoaren presentzia bermatzeko.
Artisau garagardoa
Ez da Alabergan garagardoarekin lotuta antolatuko duten ekintza bakarra. Izan ere, urte hasieran, garagardo artisauekin antolatutako esperientzia gastronomikoa egingo dute elkartean; hori ere, lehenengoz: «Data zehaztu gabe da oraindik, baina urte hasieran izango da elkartean bertan, auzotarrentzat zein gerturatzen direnentzat. Artisau garagardoaren eta gastronomiaren arteko ezkontza egin nahi dugu, biak uztartu». Horretarako garagardo artisaua egiten duten bi ekoizlerekin harremanetan direla azaldu du Sanchezek.
Auzotarrak, gainontzeko herritarrak, eta inguruetako herrietakoak ere gonbidatu ditu Sanchezek atzo ateak zabaldu zituen azokarekin bat egitera. «Familia plana egiteko egokia izango da eskaintzen ari garen menuengatik, baina baita lagunartean egoteko ere, eta garagardoa gustuko dutenentzako. Giro paregabea aurkituko dute Alabergako plazan». Gaur eta bihar, 18:00etatik 01:00etara izango da zabalik karpa; etzi, 18:00etatik 23:00etara.
Azoka bera, gainera, garagardo bereziak dastatzeko espazio paregabea bilakatu da. «Garai batean garagardo bereziak hartzeko aukera bazegoen tabernetan, baina horien prezioa ikaragarri igo da eta gaur egun ezinezkoa da, Manuel tabernak baino ez ditu eskaintzen bereziak gure herrian. Alabergan horiek topatzeko aukera izango da egunotan», zehaztu du alabergarrak. Bertaratzen direnak besoak zabalik hartuko dituzte azoka aurrera ateratzeko lanean ariko diren 50 lagun inguruk, «luxua da auzoa, bizilagunak beti daude prest laguntzeko». Sanchezek eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete.