[Erreportajea] Lurraren gordetzaileei esker ona
Jose Berrot albaitariaren lana betikotu du Juxe Areta Goñi argazkilari oreretarrak. Desagertzear den lurrari lotutako jende eta bizimoduari aitortza da argazkietatik abiatuta ondu duen erakusketa.

Inoiz egin gabea zuen, eta txundituta utzi du emaitzak. Zaraitzu, Erronkari, eta Aezkoako haranetako zein Nafarroako Aurrepirinioetako beste eskualde batzuetan albaitari lanetan dabilen Jose Berroten lana betikotu du, eder, Joxe Areta Goñi argazkilari oreretarrak. Natura bete-betean, bere eder eta gordinean harrapatu du bere kameraren objektiboak baserriz baserri, ukuiluz ukuilu Berroten ondoan egindako bidaia paregabean. Zuri-beltza, kolorea, digitala, analogikoa, «orain arte egin dudan guztiaren nahasketa zabala da emaitza. Paisaia ere sartu dut ikaragarriak direlako inguru horiek, baita erretratuak ere».
Hogeita hamar urte bete ditu argazkigintzan Aretak. Musikaren munduan hasi zen, kontzertu denetan kamara soinean aritzen zen, eta bide horretan ezagutu zuen Berrot, «Leongo 1980ko hamarkadako talde batean jotzen zuen, Los Flechazos». Ezkarozen (Nafarroa) bizi da Berrot. Duela 25 urte heldu zen hara, eta ordutik hainbat bailaratako albaitaria da. «Lanean ari zen bitartean argazkiak egitea proposatu nion. 2018an bere etxera joan eta lau egun eman nituen berekin batera eta bestera argazkiak egiten. Argazki pila egin nituen eta oso gustura aritu ginen. Horrela hasi zen guztia».
Lagunaren jardunari segika egindako argazkiak erakusketa bilakatu ditu orain, proiektu berri eta ezberdina; ikaragarria edertasunarengatik, baina baita, prozesuak argazkilariari suposatu dion bizipen multzoarengatik ere. Berrot da protagonista, baina ez bakarra, harekin batera inguruetako hainbat abeltzain, eta piriniotar behiak, Akitaniako blondak, Aurizko eta Nafar behorrak, eta Nafarroako arrazako zein latxa ardiak ere. Azken horiek umatzen, ferratzen, zauriak josten azaltzen dira Aretak maisuki harrapatu dituen argazkietan, baina gogo berezia zuen abeltzainen aurpegi «landuak» kamerarekin harrapatzeko, baita lortu ere: «Zailduak dituzte aurpegiak eta eskuak lanarengatik, bereziak dira, eta ikaragarria izan da horiek egiteko aukera izatea ere».
Ezkarozen lehen erakusketa
Ezkarozen bertan egin zuten lehen erakusketa. «Argazkiekin zer edo zer egiteko eskatu ziguten, eta abuztuan egin genuen lehen erakusketa Piriniotako produktuen azokaren barruan». Une gogoangarri asko eman dizkio bidea egiten jarraitzen duen prozesu horrek, baina lehen erakusketako egun hura ez du erraz ahaztuko: «Egun bakarrekoa zen, eta argazkiak jasota zerbait afaltzera joan ginen taberna batera. Deia jaso zuen Josek [Berrot]. Aezkoatik deitu zion abeltzain batek behia umatzen ari zela, eta zailtasunak zituela. Autoa hartu eta abiatu zen, ni berekin, ordubeteko bidean. Frontalaren argi hutsez atera zituen bi txahalak. Tentsioa suma zitekeen ukuiluan. Oso une polita izan zen».
Denak ez dira hala izan, ordea. «Bada zesarea baten argazkia; txahala hilda atera zuen ordukoan. Gogorra izan zen. Animaliak bizirik ateratzeak berebiziko garrantzia du abeltzainarentzat, baita albaitariarentzat ere. Josek [Berrot] bereak bailiran tratatzen ditu animaliak, nahiz eta jakin kontsumorako izango direla, hilko dituztela, bizi prozesuan ikaragarri zaintzen ditu».
Aipamen berezia egin dio lagun duen albaitariaren bokazioari: «Bere lana ikaragarri maite du, argi zuen, gainera, albaitari mendian izan nahi zuela, eta bokazio biziarekin egiten du bere lana, maitasunez. Ordutegirik gabekoa da, baina argi dio: ‘Animalia zoragarri hauetaz inguratuta naturan bizitzeak ematen dituen une ederrak dira’. Hori da bere lanaz egiten duen definizioa. Lana maite behar duzu, oso gogorra delako, bestela hiru hilabete ere ez luke iraungo; berak mende laurden darama, bailaraz bailara, ukuiluz ukuilu, pentsa».
Elkarlanak jarraitzen du
2018an hasitako elkarlanak bizirik dirau, eta argazki horiek eta ondoren etorri diren erakusketak aitortza izatearekin batera, testigantza ere badirela dio Berrotek erakusketa laguntzeko prestatu duten idatzian: «Pirinioetan eta Nafarroako Aurrepirinioetan ematen den abeltzaintza estentsibo baliotsua osatzen duten pertsona eta animaliak lehen planoan ageri dira. Horiek guztiak dira bizileku duten lurraren ongile nagusiak, eta abereak ustiatzeko abeltzaintza erregimen tradizionalari eustearekin batera, giza populazioaren jaitsiera arazo nagusien duten herri eta ibarrei bizitza ematen ahalegintzen dira». Argazki erakusketa, beraz, bada omenaldi apala bizitza tradizionalari, «honi esker babestu eta gorde baitira bailara hauetako abeltzain, abere, mendiak eta horiekin lotutako jakinduria guztia».
Zientoka argazki egin ditu Aretak urte hauetan harentzat hain bereziak diren Nafarroako paraje horietan, baina erakusketarako, tamalez, aukeraketa egin behar izan dute. Nafarroan lotu ditu momentuz erakusketak. Une honetan Otsagabiako Naturaren Interpretazio Zentroan du erakusketa argazkilari oreretarrak: «27 argazki aukeratu ditugu bertarako, hilabete osoan izango da bisitatzeko aukera. Areto txikia da, eta ez du gehiagorako aukera ematen».
Erronkaritik Orbaitzetara
Azaroan, berriz, Erronkarik hartuko du lekukoa, 30 argazkirekin osatuko dute hango erakusketa. Hurrengo geltokia, Irunberrin finkatu du argazkilariak, Arroilaren Interpretazio Zentroan; abenduan izango da hori, eta bertatik, Orbaitzetara helduko da urtarril osoa han emateko.
Euskal Herritik kanpo ere izan du sona argazkilariaren eta albaitariaren lanen uztarketatik sortutako erakusketak, eta Leongo (Espainia) unibertsitatera helduko da, zehazki albaitaritza fakultatera. «Jose Leongoa da, eta bertako unibertsitatean egin zituen albaitari kliniko ikasketak. Polita da han bere lanari ere lekua eskaintzea».
Momentuz horiek dira agendara batu dituzten hitzorduak. «Argi genuen lehen erakusketak Nafarroan egin nahi genituela, hura da argazkien sorlekua, bertan bizi da Jose, eta argazkietako protagonista diren abeltzainak ere. Onartu behar dut gustatuko litzaidakeela Oreretan ere antolatzea erakusketa lan horrekin, baita eskualdeko herrietan ere. Ikusiko dugu horretarako aukera suertatzen den».
Erakusketa eraman duten herrietan hitzaldia eskaintzen ari dira albaitaria eta argazkilaria: «Berak albaitaritzaren ikuspegitik kontatzen du bere esperientzia, eta nik, berriz, argazkigintzari erreparatuta kontatzen dut prozesua, erabilitako teknikak, argazkiak egiteko baldintzak…».
Pozik da Areta egindako argazkiekin, batez ere «esperientzia ikaragarria» izaten ari delako harentzat erabat ezezaguna zen mundu hori deskubritu izana: «Puntazo bat izan da, ez nuen mundu hori ezagutzen eta ikaragarria da». Proiektua ez da amaitu. Izan ere, argazkiak egiten jarraitzen du Aretak Berrotekin. Paisaia, jende, eta animalia ederren lekukotza irudietan jaso du oreretarrak, baina hortik harago doa erakusketa: «Laborantzatik zuzenean bizi den jendearen desagerpenaren aurrean sorgorra den eta lurretik eta lurraren kulturatik gero eta aldenduagoa bizi den gizarteari arreta emateko SOS dei bat izan nahi du».










