Jaione Jauregi epaitu ala ez aztertzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala
Auzi-saioa egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketarekin aurrera egin edo ez aztertzen hasteko.
Jauregi Espainiaratu berritan Lezon manifestazioa egin zuten, 2020ko azaroan. Naiz hedabideak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala Jaione Jauregi Espina euskal preso lezoarra epaitu ala ez aztertzen ari da. Gaiaren gaineko auzi-saioa egin zuten atzo han, epaiketaren gaineko erabakia hartu baino lehenagokoa. Zehazki, 1981eko ETAren atentatu batean parte hartzea egozten diote Jauregiri, eta akusazio hori oinarri egingo liokete epaiketa.
Lezoarraren defentsak preskribatutzat ematen du kasua. We Love Jaione babes taldeko kideen arabera, duela 42 urteko atentatu horren gaineko akusazioaren oinarri “bakarra” da 2022an ekintza horren lekuko batek emandako testigantza, “baina ez zuen Jaione han izan zela ziurtatu”.
Lau hamarkadaz Ganten (Flandria) bizitza publikoa izan ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua bete eta Belgikako Estatuak 2020ko azaroan Espainiaratu zuen Jauregi. Ordutik Madrilgo Alcala espetxean da, behin-behineko atxiloaldian; atxiloaldi hori 2022ko azaroan luzatu zuten, orduan jada bi urte bete zituelako behin-behineko egoera horretan.
