"Gora Palestina askatua!" oihukatu dute Lezon
Dozenaka lezoarrek Palestinako herriari elkartasuna adierazi diote gaur arratsaldean Karlos Saldise plazan.
Dozenaka lezoar Karlos Saldise plazan bildu dira gaur, Palestinaren kontrako Israelen erasoaldia salatzeko, Sortuk deitutako elkarretaratzean. “Gora munduko herriak! Gora Palestina askatua”, oihukatu dute mobilizazioaren bukaeran.
Kezka eragin dute lezoarrengan ere Israelen erasoek: “Ehunka hildako eta milaka zauritu eragiten ari dira, horietatik asko eta asko umeak”. Oinarrizko zerbitzuak (ura, elektrizitatea…) gazatarrei eten egin dizkietela ere salatu dute elkarretaratzean, eta aldi berean, Gaza iparraldeko biztanleei ezarri zaien ultimatuma deitoratu dute. “Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen larrialdi humanitario baten aurrean gaude. Giza eskubideen aldeko elkarteek krimentzat jo dute gertatzen ari dena”. Nazio Batuetako hainbat instantziak, han gertatzen ari dena “Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urratze larria” dela adierazi dute.
Azken egunetan bakarrik ez. Israelgo Estatua “azken 75 urteetan” garatzen ari den politikek “Palestinako herriaren genozidioa” dutela helburu adierazi dute gaurko elkarretaratzea bukatzeko irakurritako testuan, “munduko agintari nagusiek beste alde batera begiratzen duten bitartean”.
Gogorarazi dute Gernika ere bonbardatu zutela. “Badakigu zer gertatzen den lehergailuak herrien eta herritarren gainean zerutik modu indiskriminatuan jaisten direnean”. Horregatik, Euskal Herriaren eta Palestinakoaren arteko gertutasuna nabarmendu dute, “oso gertu dugulako sarraski haren mina, ezin dugu gogotik urrundu ikusten ari garena. Gure herriaren alde borrokatzen gara, eta munduan zapalduta dauden gainontzeko herriekiko elkartasuna adierazten jarraituko dugu, herri askez osatutako mundu justua baitugu helburu”.