LGTBI+ Elkarguneak bidea hasiko du asteartean
LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako espazioaren baitan abiatuko du udalak LGTBI+ Elkargunea.
LGTBI+ pertsonen eta komunitatearen bizitzak zein esperientziak bizigarriagoak diren udalerria du helburu Errenteriako Udalak. Bide horretan, urrats bat aurrera egin du, datorren asteartean abiatuko duen LGTBI+ Elkargunearekin. Joan den apirilean jarri zuen martxan udalak LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzerako espazioa Errenteria-Oreretan. Sexu eta genero aniztasunaren gaineko informazioa, orientazioa, aholkularitza eta akonpainamendua jasotzen dute zerbitzu horretan LGTBIQ+ pertsonek, edota haien gertukoek. Aitzindaria izan zen zerbitzua, inguruan ez zelako halakorik.
Orain, horren aterkipean abiatuko du elkargunea. Helburua, LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzea: “Ahalduntzerako prozesuetan ere, kolektiboan aritzeak duen ahalmena eta garrantzia ikusirik abiatuko da LGTBI+ pertsonen Elkargunea”. LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako espazioan bezala, era konfidentzial eta doakoan, bide laguntza eskainiko dute, betiere genero identitatea, genero adierazpena eta sexu orientazioa sentitzeko, ulertzeko, bizitzeko eta adierazteko dauden askotariko moduak aintzat hartuz.
14 urtetik gorako LGTBI+ eta haien gertukoek osaturiko berdinen arteko gunea da, espazio seguru eta anitza, hartu emanerako, elkar eta norbera entzuteko eta izateko espazioa da. Bertan harremanak sortu, sareak ehundu eta elkar akonpainatzearekin batera, esperientziak, bizipenak, ikuspuntuak, gogoetak, zalantzak eta ziurgabetasunak partekatzeko aukera dagoen.
Talde saioak Joxepa Antoni Aranberri Anitzenean (4. solairuan) egingo dira astearteetan, 18:30etik 20:30era. lehen saioa, datorren asteartean izango da. Ez da derrigorrezkoa lehen saiotik parte hartzea eta edozein unetan saioetara batzeko aukera izango da. Parte hartzeko izena eman behar da posta elektronikora mezua bidalita (egin klik hemen).
Gogora ekarri du udalak, bide batez, banakako saioak mantenduko direla. Banakako saio horiek udaletxean egingo dituzte astearteetan 18:30etik 20:30era. Bertan baliabide eta zerbitzuen gaineko informazioa, aholkularitza, akonpainamendua eta laguntza emozionala eskainiko dituzte. Parte hartzeko aurretik hitzordua eskatu behar da 943 44 95 76 telefono zenbakira deituta edo posta elektronikora mezua bidaliz (egin klik hemen).
Informazio gehiagorako egin klik hemen.