Pau Vadell idazle mallorcarraren keinua Ubera liburutegiarekin
Egonaldia egin du sortzaileak Hugoenean. Hark ondutako 'Cremen desordes' liburuaren ale bat eman dio opari Donibaneko liburutegiari.
Pau Vadell Valbona Hugoeneako egoilarrak bisita egin die Ubera liburutegiko kideei, esker ona adierazteko opari berezi batekin.
Mallorcakoa da Vadell. Poeta, AdiA edizioen editorea, kultur kudeatzailea eta historialaria da, eta egonaldia egin du Hugoenean. Institucio de les Lletres Catalanes (ILC) erakundearen sormen beka jaso zuen, Si escates un salvatge poema liburua idazteko, eta lan hori amaitzeko, hain zuzen ere, egonaldia egin du Hugoenean.
Lan horren nondik norakoak ezagutzeko solasaldi bat antolatu zuen Donibaneko Ubera Liburutegiak, eta Paul Vadellek esker ona azaltzeko Cremen desordes liburuaren ale bat oparitu dio liburutegiari. Hilaren 18an egindako solasaldian Oihana Arana eta Itziar Ugarte euskal poetek ere hartu zuten parte, bi hizkuntzen arteko idazleen elkar ezagutza errazteko.
Hugoenea
Idazleentzako Hugoeneako egoitzako egonaldiak Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) eta Pasaiako Udalaren arteko hitzarmen baten ondorio dira; horren arabera, udalak EIEri etxebizitza txiki bat utzi dio Donibanen, XIX. mendean Victor Hugok ostatutzat hartu zuen etxetik gertu.
EIEk, berriz, euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzetan (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz…) diharduten idazleen zerbitzura jarri du, bertan egonaldiak egin ditzaten; betiere, literatur sorkuntza sustatzea helburu izanik. Gutxituriko hizkuntzetan sorkuntza sustatzea da azken helburua.