Udal langileak, euskararen manifestazioarekin bat
"Euskararen zein euskaldunen hizkuntza-eskubideen kontrako oldarraldia" salatzeko argazkia atera dute Oiartzungo Udaleko langileek.
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, manifestazioa egingo dute azaroaren 4an Bilbon. Euskararen zein euskaldunen hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldia salatzea izango da helburua.
Pasa den ostiralean herritar ugarik adierazi zuten manifestazioarekiko atxikimendua. Gaur udaleko langileak izan dira mobilizazioaren arrazoiekin bat egin dutenak.
“Ez dira sententzia isolatuak”, adierazi dute. “Botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko oldarraldia da. Epai hauek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute”, adierazi dute.
Horregatik, manifestazioarekin bat egingo dutela jakinarazi dute. Autobusean joateko zerrendak daude. Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetan eman daiteke izena, baita Kastro tabernan eta Intxixu-AEK euskaltegian ere.
Pentsiodun, langabeek eta adin txikikoek 7 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek, 10.