Euskararen datozen urteetako lehentasunak marraztera animatu dute
Euskaraz Urtabe prozesuaren azkeneko saioa egingo dute datorren larunbatean. Izena ematera deitu dute, antolaketa hobetzeko.
Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko asmoz, Euskaraz Urtabe prozesua jarri zuten martxan duela hilabete batzuk.
Herriko hainbat eragile eta norbanakorekin elkartu dira, eta diagnosia egin dute. Diagnosi hori ezagutaraziko dute datorren larunbatean —hilak 28—, Haurtzaro Ikastolako jantokian egingo duten bileran.
Bertan diagnosi horren berri izateaz gain, bertaratutakoek hausnartu eta datozen urteetarako bidea “marraztuko” dutela iragarri dute.
Saioak hiru orduko iraupena izango du, 10:00etan hasita. Hizkuntza Normalizaziorako Sailak jakinarazi duenez, komenigarriena da aldez aurretik izena ematea.
Izan ere, jakin nahi dute zaintza zerbitzua eskaini beharko duten. Gainera, hamaiketakoa antolatzeko zenbat joango diren zenbatu nahi dute.
Asistentzia baieztatzeko, galdetegi bat bete beharko da, edo e-posta bidez idatzi.
Saioak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, orain arte osatu den Oiartzungo euskararen diagnostikotik abiatuta, hurrengo bost urteetarako plangintzarako lehentasunak hitzartzen saiatzea.
Bestetik, euskararen sustapenean eragiteko ekintza proposamenak biltzea.
