Utopia "pentsatu eta praktikatuko" dute aurtengo Hitzen Lihoan
Azaroaren 8tik 12ra bitartean egingo dute Hitzen Lihoaren seigarren ekitaldia. Hainbat diziplinatako ekitaldiak antolatu dituzte.
Hitzen Lihoa kultur zikloaren seigarren ekitaldiaren egitaraua aurkeztu dute. Azaroaren 8tik 12ra bitartean bederatzi zita programatu dituzte.
Utopia izango da aurtengo ekitaldiaren ardatza. Horrela azaldu dute: “Badira inora ez garamatzatela jakiteko ibili behar diren bideak. Joseba Sarrionandiak esan zuen. Badira nora garamatzaten jakin gabe ere, ibili behar diren bideak. Batzuetan garrantzitsuena ibiltzea bera delako: aritzea; ez duelako inporta helmugak; ez delako garrantzitsua noraino: norantz eta non, baizik”.
Gaur egungo pentsalariek utopia honako moduan definitzen dutela adierazi dute: “Errealitatea aldatzeko egiten dugun bidea, statu quo-aren ukoa, egunerokoa eraldatzera eramaten gaituen hausnarketa. Prozesua”.
Gaur egun espero den utopiak “perfekzioaren ameskeriarik” ez duela adierazi dute, “eta, beraz, ezinezkotasunik”. Utopiak “egingarria” den hori azaltzen duela nabarmendu dute: “Dugun gizartea baino hobea izango den bestelako gizarte bat. Eta, izango bada, gizakiak egingo duelako izango da”.
Artea eta kultura, “ezinbesteko bidelagun”
Utopia lortzeko bidean, artea eta kultura izango dira “ezinbesteko lagun”, Hitzen Lihoa antolatzen duen taldeak uste duenez. “Izan ere”, jarraitu dute, “aldatzeak irudikatzea eskatzen du: ezagutzen dugun gizartea aztertzea eta kritikatzea, litekeenari buruz espekulatzea, etorkizun posibleak deskribatzea, hausnarketa eragitea”.
“Ekintzara pasatzea”, “ekitea eta egitea”, eta “eragitea” nahi dute, kulturak gizataldea baitu “habitat natural”. Arte arte bada, eta kultura kultura bada, partekatzen delako dela adierazi dute, “hartzaileak dituelako”.
“Hark ematen dio bukaera artelanari; edo, jarraipena, behinik behin. Horregatik, garrantzitsua da artea eta kultura gertatzen diren guneak eragitea, elkartzeko eta partekatzeko uneak bultzatzea, hartzaileak sortzea”.
Hori guztia kontuan hartuta, bost egunez honakoekin gozatzera animatu dute: literatura, hausnarketa, musika, analisia, bertsoa, gozamena, kritika, taldea, sormena, kolorea, eraldaketa eta forma.
“Bost egunez utopiaz pentsatzea eta utopia praktikatzea; gizarte hobe bat irudikatzea eta entseatzea. Sinistuta baikaude hori dela bidea. Hori dela utopien lekua”.
Artistei lekua egiteko plaza
Aurtengo ekitaldia seigarrena izango da. Literatura, antzerkia, musika, bertsoa eta arte plastikoak izango dira osagaietako batzuk, eta kulturari “beste plaza bat ematea” izango da helburuetako bat.
“Lehendik sortutakoei begiratzeko eta berriak sortzeko, Euskal Herriko eta herriko artistei lekua egiteko eta haur, gazte, heldu zein adinekoak kulturara hurbilarazteko”, adierazi dute.
Egitaraua utopian oinarrituko da. Pasa den asteburuan egin zuten lehenengo aperitiboa, haurrekin mural bat margotu baitzuten Kontzejupe plazan. Galdera bati erantzun zioten: “Nolako Oiartzun amesten dugu?“. Haziak-ekin batera egindako jarduera izan zen.
Egitaraua
- Azaroak 8, asteazkena, 19:00etan: Manifestua. Landetxe Kultur Aretoan. Jarraian, Popperra, afterra, utopia emanaldia.
- Etorkizunaz idazteko eskatu zioten Danele Sarriugarteri, eta orainean ez etsitzearen garrantziari eskaini zion Popperra, afterra, utopia izeneko testua. Dantza egitea izan daiteke biharra eraikitzeko modu bat, eta horretan lagun izango ditu Miren Narbaizaren erritmoak. Literatura eta musika, beste bide batzuen bila. Sarrerak udalaren webgunean izango dira eskuragarri.
- Azaroak 9, osteguna, 19:00etan: Utopia edo distopia: norantz goaz? pote filosofikoa. Landetxeko tabernan.
- Alba Garmendiaren eskutik, utopiaz pentsatzeko eta hitz egiteko aukera izango dugu, beharbada pentsamenduarekin eta hausnarketarekin lotzen ez dugun leku batean: tabernan. Pote filosofikoek horixe baitute ezaugarri: trago bat eskutan hartuta, tabernako elkarrizketa elkarrizketa filosofiko izan dadin ahalegintzen gara. Alba Garmendiak irekiko digu bidea hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dugu elkarrizketa.
- Azaroak 10, ostirala, 18:30ean: Utopia: espekulazio-ariketak hitzaldia. Landetxe Kultur Aretoan.
-
- Oier Guillanek gidatuta, Lorea Agirre eta Harkaitz Cano etorkizun desiragarrien inguruan espekulatzen jarriko ditugu. Nolakoa da biharko egun desiragarri hori? Zer utopia kultural irudikatu dezakegu Euskal Herriarentzat? Arteak eta kulturak zer eginkizun dute irudikapen horretan? Nola zeharkatzen du hizkuntzak utopia, eta utopiak hizkuntza? Galderak izango dituzte abiapuntu, eta, beharbada, erantzunak jasoko ditugu.
- Azaroak 11, larunbata, 11:00etan: Utopiaren idazketa plastikoa. Zer da utopia zuretzat? tailerra. Arizmendienean.
- Erronka sentsoriala da Nagore Legarretak gidatutako lantegi honetan garatzea proposatzen dizuguna. Galdera honi erantzutea eskatuko dizugu etorri aurretik: Zer da utopia zuretzat? Erantzuna papertxo batean idatzita ekar ezazu. Adi! Egitarau zabala izango duzu aurreko egunetan erantzuna estimulatzeko. Indibidualki eta modu arrazionalean erantzundako galdera, erantzun kolektibo eta sentsorial bihurtuko dugu: utopiaren idazketa plastiko. Jolasaren misterioa ez da aldez aurretik biluztu nahi, baina jakin: argia, proiekzioak, materialak, opakotasuna eta gardentasuna izango dira gure lan tresnak. Izena eman behar da Hitzen Lihoaren posta elektroniko helbidera idatzita, azaroaren 9a baino lehen.
- Azaroak 11, larunbata, 18:00etan: Jausiz eta Hitz Esana emanaldiak. Landetxe Kultur Aretoan.
- Jausiz poesia liburuan oinarritutako emanaldia ondu dute Alain Mendizabal, Izar Aizpuru eta Josu Ibargurenek. Edozein gorputz, bere pisuak eraginda, beherantz joatea da jaustea. Jausi ohi dira zuhaitzak, ametsak eta baita malkoak ere. Azken horien eskutik datoz argitaratuko den bildumako poema ia guztiak. Hausnarketa, elkarrizketa eta dantza; poesiatik, baina poesiaz haratago, liburu aurkezpen bat izan zitekeen honetan.
- Eider Adeletxe eta Ane Zubeldia Mejillon Tigreko kideek sortutako emanaldia da Hitz Esana: spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia, errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen diona. Bi gorputz, hamabost bat pieza indibidual, eta poesia emanalditik baino kontzertutik gertuago egon nahi duen formatua. Esateko ez baita gauza handirik behar: jasotako guztiarekin eta horren kontra aritzea.
Bi emanaldien artean, jan-edana izango da. Sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean, edo egunean bertan leihatilan: 10 euro.
- Azaroak 12, igandea, 11:00etan: Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraitua. Kontzejupean.
- 2013an argitaratu zuen Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat. Herritarron artean irakurriko dugu testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek. Nahi duen orok parte hartu dezake, aurretik izena emanda. Literaturaz gain, kafea eta pastak izango dira. Izena eman behar da Hitzen Lihoaren posta elektroniko helbidera idatzita, azaroaren 3a baino lehen.
- 2013an argitaratu zuen Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat. Herritarron artean irakurriko dugu testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek. Nahi duen orok parte hartu dezake, aurretik izena emanda. Literaturaz gain, kafea eta pastak izango dira. Izena eman behar da Hitzen Lihoaren posta elektroniko helbidera idatzita, azaroaren 3a baino lehen.
- Azaroak 14, igandea, 14:00etan: bertso bazkari literarioa. Girizia elkartean.
- Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin ariko dira, bertsoaren eta literaturaren topagune honetan.
Sarrerak Landetxe tabernan, edo posta elektroniko helbidera idatzita: orokorra 20 euro, langabetuentzat 15 euro, bertso-saioa bakarrik 5 euro.
- Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin ariko dira, bertsoaren eta literaturaren topagune honetan.