[Erreportajea] Gizartearen zimenduak dardaratzera
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egingo du. «Gizarte osoa» dago deituta, aldarria transbertsala baita. Tokiko batzar feministetan gakoak landu dituzte.
Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu du Hego Euskal Herria azaroaren 30ean. Ez da izango lehen aldia feminismoak erakutsiko duena badela gai kaleak hartu, gizartearen jarduna bera paralizatu, eta horren sostengu diren sineskera eta arauak auzitan ipintzeko. Lehen aldia da, ordea, greba feminista hori orokorra izango dena. Eta gizarte-ehun oro interpelatzeak lanketa exijitzen du.
Horretan ari dira Oarsoaldeko lau udalerrietan, nahiz Irun eta Hondarribian. Zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko greba lantzeko batzar irekietan biltzen hasiak dira, eta irudipen orokorra dute bilkura horietako parte hartzea «zabala eta anitza» izaten ari bada ere, oraindik komunikazio eta hedatze lan handia egin behar dela.
Gizartearen zati handi bat ez delako «interpelatua sentitu», bai hitzordua «urrun» bizi duelako, edota, besterik gabe, ez dakitelako deialdia zertan den edo zer eskatzen zaien.
Testuinguru horretan, zertan ari diren kontatu eta deialdiari buruzko gakoak eman dituzte greba lantzeko herri batzordeetan parte hartzen ari direnek. Garbiñe Altxu Legazkue Pasai Antxoko batzar feministako kidearekin, Uxue Barrenetxea Bruño Oiartzungo taldeko partaidearekin, eta Aratz Altzaga Gibaja Bidasoko plataformako kide eta LAB sindikatuko ordezkariarekin izan da HITZA.
Deialdiaren trazu nagusiak marraztu dituzte: «Zaintza sistema publiko komunitario baten eskaera da azaroaren 30ekoa; egungo zaintza sistemaren krisia mahai gainean jartzera goaz», mintzatu da Altzaga. Beste zaintza eredu mota bat beharrezkoa dela aldarrikatuko dute, «publikoa izango dena, eta zaintzailea ez ezik, zaindua izaten ari den hori ere beste modu batean zainduko duena», gehitu du oiartzuarrak.
«[Etxez etxeko langileek], lan baldintzak direla eta, greba egiteko eskubidea oso mugatuta dute» Aratz Altzaga Gibaja, Bidasoko greba batzarra
Altxuk hausnarketa egin du zaintza kontzeptuaren beraren gainean: «Ez dugu balioan jartzen, edo ez gara ohartzen, baina denbora guztian gara zainduak edo ari gara ingurukoak zaintzen». Dependentzia harremanik egon gabe ere gertatzen da hori, lagunartean, kasu. Arazoa da bizimodu duinak eraikitzeko hain oinarrizkoa den horrekin negozioa egiten asmatu duela sistemak —edo aginte organo zenbaitek—. «Zaintza pribatizatu eta lan titulu bat jarri zaio; oso prekarioa, gainera, kasik esplotatzailea», salatu du antxotarrak.
Herri akordioa
Hilabete barru Hego Euskal Herriko kaleetan gorpuztuko den aldarriak luzeak ditu hankak. Birusak jendartea etxean giltzapetu zuen garaira biratu behar da begirada greba feminista orokorrari perspektiba egokiarekin so egin ahal izateko.
Pandemia lehertu zenean, talde feministek koordinakunde bat osatu zuten zaintzen problematika agendaren erdigunean kokatzeko. Hala, 2022ko otsailean, Gasteizen, jardunaldi batzuk antolatu zituen mugimendu feministak Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasteko. Horrela abiatu zen aurrekari sendoak zituen mobilizazio ziklo berri bat.
Iazko udazkenean herrialdeetako asanblada irekiak egin zituzten, eta zaintzen gaineko akordio baten beharra zegoela ebatzi zuten. Orduan iragarri zuten: greba feminista orokor batera deituko zuten, akordio kolektibo hori sozializatu asmoz. Otsailean aurkeztu zuen mugimendu feministak Denon Bizitzak Erdigunean dinamika, epe ertain-luzeko prozesu gisa irudikatuz.
Prozesu horren aterkipean gauzaturiko jardunaldi eta nazio asanblea irekietan jasotako gogoeta eta ideia nagusiekin, Herri akordioa izeneko dokumentua osatu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Dokumentu horretan jaso dute zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra, eta egungo zaintza erregimen «sostengaezinaren» irakurketa konpartitu bat egin dute.
«Orokor feminista izena jarri badiogu ere, greba orokor baten bila goaz; denak gaude deituta» Uxue Barrenetxea Bruño, Oiartzungo greba batzarra
«Zabalik dagoen eraikuntza kolektibo» gisa definitu dute Herri akordioa. Elkarlanaren fruitu den eskuorri horri esker, tokian-tokian grebara begirako edukiak lantzen eta eztabaidatzen hasiak dira jada herrietako batzordeak. Horren adibide arestian aipaturikoak. «Aldarrikapena orokorra da», argitu du Barrenetxeak, «herri bakoitzak ez ditu propioak». Herri bakoitzean ari dira erabakitzen, ordea, horiei nola leku egin.
Tokian-tokian
Oiartzungoak «orain dela denbora bat» ari dira azaroko hitzordua lantzeko lanean. Hilaren 7an egin zuten lehen bilera irekia, eta bihar (11:00etan, kiroldegiko bilera aretoan) izango da bigarrena. Aurrekoan bilkura irekia egin bazuten ere, ez zuten esplizituki adierazi mistoa izango zela, eta emakumeak soilik bertaratu ziren. «Gizon batzuk hurbildu zitzaizkigun parte hartzeko asmoz», kontatu du kideak, «eta horregatik espero dugu oraingo honetan gizon nahiz emakumeak hurbilduko direla».
Bidasoari dagokionez, Irun bihurtu da irundarren eta hondarribiarren greba jorratzeko batzordeen epizentro. Dagoeneko hiru batzar egin dituzte, lehen biak emakumeentzat soilik, eta hirugarrena mistoa. «Deialdia bizilagun batzuengandik sortu zen, ez gara harremanetan jarri elkarte zehatzekin gonbidapena egiteko, dei irekia egin dugu. Beraz, norbanakoen artean sortu den marko bat da». Ipar Euskal Herrian ez dago greba deialdirik, eta Hendaiako mugimendu feministak erabaki du ez duela deialdia jorratuko. Hortaz, eta mugako zubietan «keinuren bat» egitea albo utzi ez badute ere, lanketa Irun eta Hondarribia mailan ari dira egiten.
Antxotarra da Altxu, eta Pasai Antxoko batzarraren izenean mintzatu da bera. Izan ere, herriko talde feministek barne mailako lehen bilkurak egin zituztenean, egokien iritzi zioten barruti horretako lanketan zentratzeari. Lehen bilera mistoa joan den larunbatean egin zuten. «Erantzuna oso positiboa izan zela uste dut. Oso talde anitza ikusi nuen, adinez eta filosofiaz desberdinak, eta taldea motibatuta ikusi nuen».
Koordinazio sarea
Mugimendu feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin, hilaren 10ean erregistratu zuen greba deialdia Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Greba lanuztea da, lanik ez egitea, beraz; baina ehun produktiboa etetea baino konplexuagoa da azaroaren 30ekoa. «Helburua ez da greba eguna bera», zehazten du akordioak, «horren aurretik eta ondoren egingo dugun lana baizik».
Herriz herri hori guztia koordinatzeko ezinbestekoa ari da izaten saretzea. Barrenetxeak ordezkaritza sindikala aipatu du: «Beharrezkoa izan da sindikatuak ere borrokara batzea. Guk Oiartzunen estrategikoak diren eragile sozial batzuekin harremana badugu, eta elkartu ohi gara haiekin, baina gure eguneroko esparrutik kanpo dauden horiengana heldu eta greba orokorra izan dadin, ezinbestekoa da sindikatuen indarra».
«Ez gara ohartzen, baina denbora guztian gara zainduak edo ari gara ingurukoak zaintzen» Garbiñe Altxu Legazkue, Pasai Antxoko greba batzarra
Bada grebarekin bat egin duten sindikatu guztiak eta mugimendu feminista biltzen dituen marko edo mahai bat. Bertan eztabaidatutakoen artean, konpromisoa hartu dute aipaturiko sindikatuek ordezkaritza duten enpresa guztietara greba deialdia helarazi eta batzarrak antolatzeko, grebaren lanketa egite aldera. «Enpresa herrikoietan sindikatuek ez dute gaitasunik guztietara iristeko, baina plataforma handietan bai», esan du Altzagak. Pasai Antxon, esaterako, batzarrean elkartu diren bizilagunak izango dira, banan-banan, komertzio txikietara bertaratu eta deialdiari buruzko informazioa nahiz horrekin bat egiteko euskarriak banatuko dituztenak.
Denek baitute eskubidea greba egiteko; teorian. Praktikan, ordea, oinarrizko eskubide beharko lukeen hori ez dute bermatuta langile askok. Eta horietako batzuk dira, hain zuzen, etxez etxeko zaintza lanetan dihardutenak, gehienak emakume migratuak. «Haiek dira, gehienbat, krisi hau lehen pertsonan bizi dutenak. Eta zailtasunak ditugu haiengana iristeko, eta haiek ere zailtasunak dituzte, jakina, parte hartzeko», hausnartu du irundarrak. «Beraien lan baldintzak direla eta, greba egiteko eskubidea oso mugatuta dute».
Aipatutako hori herri batzarretan atera den gai komunetako bat da. Kezka edo zalantzak sortu dituzten beste bi izan dira ordainpekoa ez den zaintza kolektiboari buruzko elkarrizketa eta gizonen parte hartzea greban. Lehena hartu du ahotan Altxuk, Antxoko azken bileran aurrerago landu beharreko gaien artean utzi behar izan baitzuten zaintza kolektiboena, denbora faltagatik: «Egunero ari gara elkar zaintzen, eta mila momentutan zainduak izaten. Eta ez da zaintza bat norbait ohetik jaikitzen laguntzekoa, baizik eta amari tuper bat eraman edo lagun bati ‘zer moduz?’ galdetzearekin has daitekeena».
Zentzu horretan, zaintza bera eskubide gisa formulatu ote daitekeen auzitan jarri du mugimendu feministak Herri akordioa dokumentuan: «Komunitatean bizitzeak esan nahi du beti jaso eta eman egin behar duzula [zainketari buruz ari dira]? Ez-zaintzeko eskubidea, nor zaindu nahi duzun aukeratu ahal izatea da? Zaindu ahal izateko, bestelako eskubide batzuei uko egin behar ez izatea? Emakumeei odol loturek zaintzera behartzen gaituztenean, ez zaintzea aukera bat da? Zaintza betebeharra izan behar da? Edo eta emakumeen bizkar gainetik kendu behar dugu?».
Gizonen rolari buruz jardun da Barrenetxea: «Hau beste greba eredu bat denez, eskatu da mugimendu feministari emateko hitza eta lidergoa. Gizonek bigarren plano batean hartu beharko lukete parte, ohiko militantzia eredutik kanpo, eta emakumeek beste presentzia mota bat izan dezaten, aldi berean, ohikotik kanpo».
Azaroaren 30ean zaintza eremuak sortzen diren herrietan, kasu, greban paper aktiboa izateko modu bat litzateke gune horietan gizonek egitea zaintza lanak, manifestazioaren lehen lerroan egon beharrean.
Greba orokorra, interpelazioan ere
«Nik uste jendeak ez duela nahiko argi greba orokor bat dela», dio, kezkatuta, oiartzuarrak. «Greba feminista orokorra izena jarri badiogu ere, greba orokor baten bila goaz, eta beraz, denak gaude deituta». Helburua sistema bera iraultzea bada, ezinbestekoa da horren parte aktibo diren norbanakoek ere bultza egitea iraultze hori gauza dadin. Zaintzaile edo zaindutako subjektu gisa, gizarte guztia baitago, egon da, edo egongo da inplikatuta inoiz zaintza sistema horretan. «Problematika honek jendarte osoari eragiten dio, eta guztiok hartu behar dugu guregain ardura; denok garelako pertsona interdependenteak», gehitu du Altzagak.
«Greba guztietan bezala, marroi bat izan daiteke egun horretan galtzen duzuna, baina epe luzera inbertsio bat izango da. Denok izango garelako zaindu eta zaintzaile lehenago edo beranduago. Denok iritsiko garelako eskatzen ari garen horretara, eta denok jasoko dugulako, modu batean edo bestean, horren emaitza», egin du deia Altxuk.
Eta azken hausnarketa labur, baina ahoan bilorik gabe bota du: «Ezin duzu eskapu egin; beste alde batera begira dezakezu, baina honek zu ere zipriztinduko zaitu».