Euskarari babes zabala
Herri argazkia egin zuten atzo hamarnaka herritarrek azaroaren 4ko Bilboko manifestazioari atxikimendua erakutsi, eta euskararen aurkako oldarraldia salatzeko.
Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko herri argazkia egin zuten atzo. Herriko Plazako eskailerak bete zituzten atzo euskarari babesa erakusteko. Euskalgintzak herri argazkira deitu zuen atzo, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioari babesa erakustea eskatzeko, baita euskararen kontrako oldarraldia salatzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluko kide diren erakundeak “kezkaz” bizi dutela euskara biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik behin eta berriro jasotako sententzia sorta esan zuen Amaia Arregi Xenpelar AEK euskaltegiko kideak. Epaitik epaira larriagotzen ari dela gainera, kezka hori nabarmen jarri zuen, “gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean”.

Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko herri argazkia egin zuten atzo.
Euskararen normalizazio prozesua “trabatu” eta egindako bidean atzera pausuak eragiteko “olatu erreakzionario, atzerakoi, eta euskarofobo” gisa definitu zuen oldarraldia.
Epaitegietatik heldutako ebazpenetako batzuk izan zituen hizpide, bere aldetik, Iker Gomez Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko ordezkariak: “Uliazpi, Laudio, Barakaldo, Irun, Uharte, Erandio, Berriozar, Atarrabia, Orkoein… eta epe laburrean beste asko espero ditugu”. Gomezek argi esan zuen, ez direla sententzia “isolatuak”, botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatu eta herritarren hizkuntza eskubideak murrizteko “joera gorakorra” baizik.
Sententzia guztiek elementu komun bat dutela ere aipatu zuen euskalgintzako ordezkariak, “gaztelaniaren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”.
Mobilizazio soziala “ezinbesteko” jo zuten horrenbestez, “gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea”. Eta urrats bat aurrera egitera deitu zuten, “euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko”.

Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko herri argazkia egin zuten atzo.
Azaroaren 4ko manifestazioa Euskalgintzaren Kontseiluak deitua den arren, hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten pertsona guztien bilgune izatea nahi dutela esan zuten azkenik, “deia egiten diegu beraz herritar guztiei, oldarraldiaren aurrean, euskararekkin bat egitera, euskaraz bat izatera”.
Azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestaziorako autobusak antolatu dituzte. Txartelak Arkaitzabn, Xenpelar AEK euskaltegian, eta Orereta Ikastolaren bi bulegoetan eskura daitezke.
