Azaroaren 16an, Aiton Amonen Aterpearena izango da badia
Hiru ibilbideko erronkari ekingo diote Donibaneko erretiratuek. Luzeraren arabera sailkatu dituzte hiru bideak.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/10/aterpea.png)
Azaroaren 16an hiru erronkako proposamen bati ekingo dio Donibaneko Aiton Amonen Aterpeak. Ideia, Pasaiako badia inguruan ibiltzea da, hiru ibilbideren bidez. Bat luzea da, bestea luzeagoa, eta hirugarrena luzeena. Gogoz ekingo diote erronkari, ordea, erretiratu sanjuandarrek. Bukatzean, nola ez, luntxa jarriko dute Aterpean bertan.
Lehenak abiatzen zirkuitu luzeena aukeratuko dutenak izango dira. Horiek Pasaiako badia osoari bira emango diote, Donibanen hasi eta San Pedroraino, handik berriz ere jatorrizko barrutira motora bidez jauzi egiteko. 10:30ean dute irteera ordua, Aterpetik bertatik.
Bigarren zirkuitua edo hiruetatik luzeran bigarren dena Donibanetik atera, eta Lezo eta Errenteria-Oreretara arteraino luzatuko da, eta handik buelta egingo dute hasierako tokira, hau da, Aterpera. 11:00etan abiatuko dira horiek.
Hirugarren zirkuitua, luzea izan arren, erosoago egiteko modukoa da, motzena delako. 11:00etan Aterpetik aterata, Donibaneko Puntetara bidea eta buelta egingo dituzte.
Hiru horietan izena emateko epea zabalik da jada. Apuntatzeko Aiton Amonen Aterpera joan behar dute interesdunek bulegoa zabalik duten orduetan.