Astebete desagertuta daraman gizon baten bila ari dira Jaizkibelen
56 urteko gizona joan den asteartean ikusi zuten azken aldiz. Alarma deia atzo egin zuten, egun batzuk kanpoan pasatzekoa baitzen gizona.
56 urteko gizonezko baten bila ari dira larrialdi zerbitzuak Jaizkibelen. Publiko egindako informazioaren arabera, Juan du izena, eta astebete darama desagertuta, joan den asteartean ikusi baitzuten azken aldiz ingurukoek.
Ertzaintza, Suhiltzaile eta Babes Zibileko langileek osatu dute bilaketa operatiboa. Gizonak urriaren 24an etxetik alde egin bazuen ere, alarma deia atzo egin zuten publiko, haren asmoa egun batzuk kanpoan ematea baitzen. Ingurukoek gizonezkoaren berririk izan ez zutenez gero, desagertzea salatu zuten.
Araketa mendi osoan barrena egiten ari dira, bereziki Hondarribiko Higer eta Biosnar lurmuturretan, eta bertatik Lezora arte doan itsasertzeko bidean. Gaurko lanei 09:30ean ekin diote, eta oraingoz ez da desagertutako gizonaren berririk.
Bilaketa operatiboko kideek dei egin diete bizilagunei, inork lagungarri izan daitekeen informaziorik izan dezakeela uste badu 112 telefono zenbakira dei dezan.