Baserritarren azokak leku berria estreinatuko du larunbatean
Orain arte Xabier Olaskoaga plazan izan den azokak kokapen berria estreinatuko du etzi. Jose Erbiti kalera mugituko dute.
Datorren larunbatetik aurrera, Errenteria-Oreretako baserritarren azokak gune berria izango du, egun horretan egikarituko baita aldaketa hori. Lehen Xabier Olaskoaga plazan egiten bazuten, orain Jose Erbiti kalean izango dute gunea baserritarrek.
Merkatu Tradizionalera sartzeko egin berri duten ate berriaren ondoan izango du kokapena azokak. Udaleko iturrien arabera, horri esker, “erosketa osoa egitea erosoagoa” izango da.
Estreinaldirako “programa xume bezain gustagarria” antolatu dute udalak eta bertan postua dutenek. 8:30ean hasiko dute azoka eta goizean zehar musika eta dantzak izango dira inguruan. Talogileak ere bertan izango dira.