Zilibito Recordsen maketa onena den ebatziko dute hilaren 16an
200 taldek baino gehiagok aurkeztu dute bere hautagaitza Gaztea irratiaren lehiaketara. Lau dira finalistak, tartean Zilibito Records oiartzuarrak.
Zilibito Recordsekoak, urriaren 1ean, Kilometroak-en eman zuten kontzertuan [Arg.: instagram.com/zilibitorecords]. Musika ekoiztetxe batekin kontraturik sinatu ez duten taldeen artean prestigio handia duen sariketa da Gaztea Maketa Lehiaketa.
Aurten, esaterako, 200 taldek baino gehiagok bidali dute beraien sorkuntzaren lana. Lau finalista geratu dira: Enbata Lorade (boto gehien jaso dituen taldea), Itzek, Ganibet eta Zilibito Records oiartzuarrak.
Hiru talde horiek Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu.
Finala hilaren 16an jokatuko dute, Bilboko BBK Aretoan. Lau taldeak igoko dira oholtzara, eta emanaldiaren ondoren ebatziko dute nor den irabazlea.
Irabazleek, 5.000 euro eskuratzeaz gain, 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango dutela jakinarazi dute sariketaren antolatzaileek.
Zilibito Recordsek trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte euren etxeetan sortutako abestietan. Aurtengo ekainean publikatu dute Hastapenak izeneko lehen diskoa.
