Arditurriko mosaikoa bukatzeko herritar bila ari da Alaiart
Udalak Alaia Gaztelumendiri eskatu zion meatzariei aitortza egingo dien mosaikoa. 12 urtetik gorako edozein oiartzuarrek eman dezake izena.
Alaia Gaztelumendi Alaiart artista mural erraldoia sortzen ari da Arditurrin, udalak hala eskatuta. Meatzaritzako langileen lan gogorra erakusteko eta haiei aitortza egiteko.
“Meatzariek komunitateari egindako ekarpena eta eskualdearen garapenean izan duen garrantzi historikoa omentzeko egingo dute proiektua”, gaineratu du udalak.
Meategiko funtzioak irudikatzen ari dira mosaikoan. Jexux Olaziregi Kultura zinegotziak azaldu ditu helburuak: “Arditurriko meatzariek eta haien familiek berebiziko garrantzia izan dute Oiartzungo historian. Utzi diguten ondarea handia da eta haien sakrifizioa eta lana horma-irudi batean islatu eta oroitu nahi izan dugu”.
Pasa den uztaileko Arditurri Egunean Alaiartek aurkeztu zuen proiektua. Egun horretan bertan, herriko haurrekin harri bila aritu zen, mosaikoan erabiltzeko. Ordutik ari da mosaikoan lanean.
60 metro koadroko harri eta azulejuz egindako mosaikoa sortzen dabil eta oinarri nagusia bukatu du dagoeneko. Herritarrekin batera hasitako proiektua herritarrekin borobildu nahi du eta oiartzuar denek obran parte hartzeko hiru lantegi antolatu ditu Gaztelumendik.
Hiru igande goizetan egingo ditu saioak, azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 3an, 10:30etik 12:30era, Arditurrin. Nabarmendu dutenez, aterpean izango dira denak, beraz eguraldia ez da oztopo izango.
Izen-ematea
Mosaikoa bukatzeko saio horietan 12 urtetik gorako edozein oiartzuarrek har dezake parte. Egun bakoitzean hamar lagunentzako tokia izango da, eta telefono (943 49 01 42) edo e-posta bidez idatzita eman beharko da izena. Saioetara arropa zaharra eta lanerako eskularruak eramateko eskatu du sortzaileak.
Arditurriko meategiarekin lotura duten familiei gonbita berezia luzatu diete Gaztelumendik eta udalak. “Bertan lanean ibili ziren meatzarien senideak ere sorkuntza-prozesu honen parte izatea nahiko genuke, guztion artean haien oroimena bizirik mantendu eta egin zuten lana ikusarazteko”.