Lihoarekin arropa egiteko prozesua azalduko dute bihar Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilletak
Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilletak azalpenak emango dituzte. Erakusketa ikus daiteke hilaren 16ra arte.
Ondarearen Jardunaldiak egiten ari dira Oiartzunen, eta lihoaren erabilera izango da aurtengo gaietako bat. Horri buruzko erakusketa zabaldu zuten atzo, eta bihar izango da inaugurazio ekitaldia.
Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilletak hitzaldia emango dute, lihoarekin arropa egiteko prozesua azalduz. Udaletxeko pleno aretoan —bertan dago erakusketa— izango da, 18:00etan hasita.
Duela 30 urte baino gehiago hasi ziren Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilleta senar-emazteak lihoa lantzeko prozesua ikertzen eta erabiltzen ziren tresnak biltzen.
80 piezatik gora jaso dituzte urte hauetan guztietan. Garrantzitsuenekin, garaiko argazkiekin eta arropekin erakusketa jarri dute pleno aretoan eta bihar lihoa lantzeko prozesua eta tresna bakoitza aurkeztuko dituzte.
Erakusketa azaroaren 16ra bitarte egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Lihoa, lantzen zaila
Lihoa ehungintzan erabili zen lehenengo landare zuntza izan zen. Lanketa luzea, zaila eta gogorra izaten zen, eta normalean baserriko emakumeek egiten zuten prozesu guztia. Belaunaldiz belaunaldi ibili ziren zuntz honekin lanean.