Agustinen eraikinaren eraberritzea, bukatzear
Ikastetxe zaharra martxoan "irekiko" diete herritarrei, kultur arloko eragileei bultzada emateko inkubategi modura.
Udalak aurki Agustinen ikastetxe zaharra zena eraberritzen bukatuko du. Hortik aurrera, sormen eta kultur industrien polo bihurtuko da azpiegitura, kulturak Errenteriaren eraldaketan eta garapenean duen estrategikotasuna eta potentziala garatzen jarraitzeko. Honezkero altzarien horniketa fasean dago egitasmoa. Lanak martxorako amaitzea espero du udalak.
Gaur izan dira bertan Aizpea Otaegi alkatea eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Alkatearen esanetan, “auzoarentzat espazio berri bat” ekarriko du, baita kulturatik “proiektu ekonomiko berriak sortzen laguntzeko funtsezkoa” izango den proiektua ere.
Bestetik, Agustinak eraikinean Habian programari jarraipena emateko asmoa dute. Horrela, lanbide sortzaileen eta kultur arloko enpresa egitasmoek inkubategi bilakatuko da. Izan ere, akonpainamendu zein aholkularitza zerbitzuak eskainiko dituzte bertan.
Gainera, eraikina “publiko” bihurtu nahi dute. Herritarrengana “irekitzeko” ahalegin berezia egingo dute lorategia auzora irekitzeko aisialdi gune gisa. Bertan ekitaldiak antolatzeko aukera eskaini nahi du udalak.
Egitasmoa Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren baitakoa da, eta 2,6 milioi euroko inbertsioa izan du. Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programatik ere diru laguntza jaso du.