"Bizkaia maite..." abestuko dute Xoxolurrekoek 19an
Hilaren 19an Atxarte-Astxiki-Axpe bidea egingo dute Lezoko mendizaleek. Izena emateko aukera zabalik dute dagoeneko.
Benito Lertxundik euskal kantagintzaren ereserkietako bat izan daitekeena egin zuen 1977an, Zuberoa-Askatasunaren semeei disko bikoitzean publikatu zuena: Bizkaia maite. Bada Xoxolur Mendi Klubeko kideek, hala nahi badute, kantu hori (eta beste asko) abesteko aitzakia izango dute hilaren 19an, Bizkaiko Astxiki (791 metro) gaina besarkatu nahi dutelako egingo duten irteeran.
Zehazki, Atxarte-Astxiki-Axpe bidea egingo dute hurrengo asteko igandearekin. 2-3 orduko ibilbidea izango da. Hori eginda, inguruko herri bateko estalitako pilotalekuan bazkaltzera eta jolasean aritzera bilduko dira. Mendiaz gozatuko dute, Euskal Herria ezagutuz, giro euskaldunean.
Bidaiarako izen ematea zabalik da. Bi bide erraztu dituzte Xoxolurrekoek horretarako: batetik, izen emate fisikoa Orki tabernako zerrendan egin daiteke hilaren 16ra arte. Bestalde, haien posta elektronikora mezua bidalita ere apunta daiteke.
Hilaren 19an 08:30ean aterako dira Bizkai aldera, Ijurkotik. Betiko aholkuak: bi motxila eramatea, bat ibilbidean zeharreko beharrak betetzeko gaiekin (hamaiketakoa, ura…) eta bestea aldatzeko arropa nahiz bazkariarekin.
Xoxolurrek abian den ikasturterako egitasmo berezia abiatu du: Euskal Herriko zazpi herrialdeetako zazpina gailur egin nahi dituzte, den-denak 700 metro ingurukoak. Zazpi urte bete baititu Lezoko mendizaleen elkarguneak.
