Kronometroa ahaztu, eta taldean korri egiteko topaguneak
Hondarribian, Lezon eta Pasaian emakume korrikalarien taldeak daude. Horien helburu nagusia ez da lehiarako prestatzea, osasun fisikotik abiatuta emakumeek euren burua zaindu eta sareak osatzea baizik.
Gorantz doa emakumeen parte hartzea Behobia-Donostian, nahiz bestelako herri lasterketetan. Behar duten tokia egiten ari dira emakumeak. Hori horrela izan dadin arrazoi asko daude, eta horietako bat emakume korrikalarien taldeen sorrera eta garapena izan daitezke. Inguruan Hondarribian, Lezon eta Pasaian daude gisa horretako lagunarteak. Ane Bayo da Hondarribikoaren gidaria: «Helburua da gustuko duten zerbait egiteko gelditzea, eta emakumeek haientzako tartea hartzea. Osasun fisikoak eman dezakeen bizi kalitatetik hasita, kirolaren garrantziaren berri ematen diet partaideei, eta horretarako lanabesak ematen dizkiet. Gero, lasterketetan hasten badira, ezin hobe!».
Hondarribiko taldean 18 urtetik hasi eta 50 urtetik gorako kideak daude. Askotariko profiletakoak dira. «Hori inportantea da. Gazteentzako erreferente dira emakume helduak, baina helduentzako garrantzitsua da ikustea gai direla gazteek egiten dutenera iristeko. Eta taldean lan egiten dugunez entrenamenduak eramangarriak izateaz gain, elkar elikatzen dira, esperientziak trukatzen dituzte». Etxeko, familiako edo laneko esparrutik atera, eta euren burua zaintzen dute, taldearen berotasunean.
Astean bitan gelditzen dira hondarribiarrak entrenatzera, eta asteburuetan bestelako jarduerak egiten dituzte: «Orain, Behobia-Donostia prestatzen izan gara asteburuetan bereziki». Izan ere, taldeen helburu sakonena ez da lehia. Baina entrenamenduek eta gaitasunek aurrera egin ahala helburu anbiziotsuetara iristeko desioa izan dute. «Iaz Behobian ateratzea pentsatu zuten taldekide batzuk. Goizegi zen beharbada. Aurten bai, lauzpabost taldekide animatu dira», zehaztu du, harro, Bayok.
Herri artekoa
Lantzean behin, Hondarribiko, Lezoko eta Pasaiako emakume korrikalarien taldeek bat egiten dute egun batez. Iaz eta aurten ere hala egin dute. «Gehiagotan biltzea gustatuko litzaiguke, baina zaila da. Urtean behin edo bitan elkartzen gara. Jarduera oso polita da». Korrika egiteko biltzen dira, hamaiketakoa egiten dute, lasterkariek elkar ezagutzen dute, entrenatzaileek esperientziak elkartrukatzen dituzte. «Ateak irekitzen dizkigu topagune bakoitzak. Izugarri ederrak dira».