Bizikidetza arazo "larriak" salatu dituzte Santa Klara kaleko hainbat bizilagunek
Eraikin hutsetan jendea sartu eta bizikidetza arazoak sortzen dituztela salatu dute Santa Klara kaleko 8. zenbakiko bizilagunek. Eraikinen egoera ere "oso txarra" dela gaineratu dute.
Santa Klara kaleko hainbat bizilagunek “bizikidetza arazo larriak” salatu dituzte komunikabideetara bidalitako prentsa ohar bidez. Santa Klara kaleko 8. zenbakikoak dira bizilagun horiek. Azaldu dutenez, kale berean hutsik dauden 10. eta 12. eraikinetara ugaritan sartzen diren pertsonek eragiten dituzte bizikidetza arazo horiek, “azkena, gaur bertan izan da, gaua bertan pasa dute, eta bizilagunok etengabeko tentsio egoera batean gaude, ez dakigulako noiz eta nola sartuko diren”.
Egoera azaltzeko atzera begira jarri dira bizilagun horiek. Salatu dutenaren arabera, 2020an hutsik den eraikin horietako batean hainbat pertsona sartu ziren, “hamar hilabetez, bizikidetza arazo larriak izan genituen: liskarrak, festak, musika egun osoan, zaborra leihoetatik kalera… gau batean ia 50 pertsona kontatu zituzten eraikin barruan”.
Hamar hilabete horietan. lo egin ezinik izan zirela gaineratu dute oharrean bizilagunek, “tentsio eta kezka etengabean bizi izan ginen. Gure kalearen atzealdea, Patxiku, zabortegi bilakatu zen, eta oraindik ere leihoetako leiho-oholak irekita jarraitzen dute, eta etengabea da egiten duten soinua”.
2020az geroztik eraikin hutsetan sartzeko saiakerak “etengabeak” izaten ari direla diote, “beldur gara 2020an bizi izan genuen amesgaiztoa errepikatuko ote den”. Ez dute gertaeren oinarrian sakondu bizilagunek, “ez dagokigu guri. Baina argi dugu ere oinarrizko bizikidetza arauak errespetatzen ez diren bitartean, ez ditugula halako jarrerak onartuko”.
Eraikinak “egoera txarrean”
bizikidetza arazoei, hutsik dauden kale horretako 10. eta 12. eraikinak egoera txarrean daudela salatu dute bizilagunek, “hilaren 2an suhiltzaile eta udaltzainek bertaratu behar izan zuten fatxada zatiak erori zirelako. Horrek segurtasun arazo larria suposatzen du bizilagunentzat, eta bertatik pasatzen diren herritar guztientzat”.
Gaiaren gainean udalarekin hitz egin dutela zehaztu dute, bestalde, irailean bilera egin zutela eta kritiko azaldu dira kostata heldu dela baitiote, “azken hiru urteetan egindako dozenaka eskaeren ondoren lortu dugu biltzea. Atzealdeko zabortegia garbitzea lortu dugu, baina gainontzekoari ez dio udalak konponbiderik eman. Etxebizitza berriak egiteko asmoa dagoela esan zitzaigun aspaldi, baina ez da ezer mugitzen ari”.
Bi eskaera zehatz egin dituzte bizilagun horiek: hutsik diren bi eraikinak eraitsi ahal izateko egon daitezkeen aukerak aztertu eta aurrera eramatea eskatu diote udalari; Erdiguneko auzo Elkarteari, berriz, bizilagunekin biltzeko, “arazoa ez baita 8. zenbakiko bizilagunena soilik, Santa Klara kale osoak pairatzen du. Gure kalean eta etxean seguru eta lasai bizi nahi dugu”.