Giza eskubideak, pantaila handira
Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren bigarren ekitaldia egingo dute hilaren 20tik 26ra bitartean.
Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren bigarren ekitaldia egingo dute hilaren 20tik 26ra. Gaur aurkeztu dute jaialdia Itsaso Cruz Etxeberria Kultura aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak, Naroa Galdos sail bereko dinamizatzaileak, eta Nagore Portugal Zinemaldiko zuzendariordea eta OzZinemako kideak.
Testuingurua jartzeko “oso urrutira” ez dela jo behar esan du Cruzek, “ez da oso urrutira joan behar ikusteko gaur egun urratzen diren giza eskubideak, zoritzarrez. Adibideak aurkitzea tamalez, oso erraza da, egun oso egoera bortitzak ematen ari direlako han-hemenka” . Testuinguru zabalago batean kokatu du zinema dokumentalaren jaialdia zinegotziak, eta abenduan udalak antolatuko dituen giza eskubideen jardunaldien atariko gisa jarri du.
Bigarren ekitaldia izango du aurtengoa jaialdiak: “Iaz ekin genion, aldaketa egin zuen udalak, eta oso ondo funtzionatu du”. Balorazioa beraz, egungo izaerarekin bide laburra izanik ere, oso positiboa dela nabarmen jarri du Cruzek. Feminismoa, LGTBI kolektiboa, gatazka armatuak, migrazioa eta ekologismoa. Hori da pantaila handira eramango duten gaitegia aurkeztutako lan guztien arteko aukeraketa eginda, “zinemaldiaren helburuekin bat egiten dute bete-betean: Munduan bizi ditugun bidegabekeriak ikusaraztea eta salatzea. Funtsezkoa da Errenteria bezalako gizarte kolektibo batek berdintasunean, elkartasunean eta elkarrekiko errespetuan aurrera urratsak egitea”. beste helburu bat ere aipatu du Cruzek, hura ere garrantzitsua: “Istorio konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren pertsonen sormena eta lana sustatzea”.
OzZinema zinekluba da zinemaldiaren zuzendari. Portugalek azaldu duenez, hamabi filmekin ondu dute programazioa: “Bost film luzeak dira, eta gainontzeko zazpiak labur eta ertainak”. Beste datu bat ere eman du, garrantzitsua ere genero ikuspegitik, ia erdia emakumeek zuzendutakoak dira, “bost, zehazki”.
Astelehenetik ostiralera izango dira emanaldiak, 19:30ean hasita. Doakoa da sarrera, baina gonbidapena behar da bertaratzeko. (Horretarako egin klik hemen). Sari banaketa, berriz, hilaren 26an, igandearekin, egingo dute Niessen Kulturgunean 18:00etan.
150 lanetik gora
Jasotako lan kopuruarekin “pozik” azaldu dira. Portugalek eman ditu datuak, zehatz: “150 lanetik gora jaso ditugu Brasil, Hegoafrika, Belgika, Egipto. Azkenik, Kolonbia, Peru edo ARaba, Bizkai eta Gipuzkoako jatorria duten film laburrak proiektatu dira. Film luzeak berriz, eguneko bat emango da lehiaketaren barruan”.
Irabazleak aukeratzeko lana, Lucia Ixchiu Guatemalako aktibista eta kultur kudeatzaileak, Sara Hernandez Tabakalerako zinema eta ikus entzunezkoen saileko koordinatzaileak, Agustin Arrieta EHUko filosofia irakaslea, eta Alvaro Hernandez jaialdiaren lehen ekitaldiko irabazleak izango dute Galdosek azaldu duenez.
Dinamizatzaileak nabarmen jarri du berriro, jaialdia, Giza Eskubideen Jardunaldien atarikoa dela, hari zuzena dagoela bien artean, “abenduan izango dira jardunaldiak, eta aurten bederatzigarren ekitaldia izango da. Aurrerago zabalduko dugu programazio osoa”.
Ikastetxeentzat emanaldiak
Jaialdiaren bueltan lanketa egin nahi dute aurten ere herriko DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin, “giza eskubideen gainean hausnartzeko gonbita luzatuko diegu haiei ere, horretarako aukera emango dien pelikula bat ikusita”.
Programazioaren gaineko informazio guztia jasoko duten liburuxkak udal eraikinetan izango dira.