Ikuskaren Mintzagun saileko film laburrak, Oarsoaldeko herri guztietan
Pasaiako film laburren lehiaketaren barruko euskarazkoen saileko irabazlea eskualdeko euskaltegietako ikasleek erabakiko dute.
Hilaren 17an, ostiralarekin, hasiko da Ikuska Pasaiako Badiaren Film Laburren Nazioarteko XXV. Erakustaldia. Horren barruan euskarazko lanek sail propioa dute, Mintzagun Saila. Horren barruko film laburrik onenari ere ematen diote saria; hilaren 25ean izango da sari guztiak banatzeko ekitaldia, Trintxerpeko alkateordetzan (19:00). Bada, Mintzagun Saileko film laburrak Oarsoaldeko lau herrietan ikusteko aukera izango da, hurrenkera honetan (doan dira emanaldi guztiak):
- Hilak 16, osteguna: 19:00etan. Lezoko Gezala Aretoan, Lezoko Zinema Ttikiarekin elkarlanean (denentzat irekia).
- Hilak 20, astelehena: 10:00etan. Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean (euskaltegietako ikasleentzat).
- Hilak 20, astelehena: 18:00etan Oiartzungo Landetxe auditorioan (denentzat irekia).
- Hilak 21, asteartea: 14:00etan. Lezoko Gezala Auditoriumean, Lezoko Zinema Ttikiarekin eta Euskara Talaiarekin elkarlanean (Lezo Institutuko ikasleentzat).
- Hilak 22, asteazkena: 10:00etan. Trintxerpeko alkateordetzan (euskaltegietako ikasleentzat).
Mintzagun Pasaiatik at zabaltzearen arrazoia Oarsoaldeko Euskara Batzordeak (eskualdeko lau udalek dute ordezkaritza bertan) eman du: “Euskara ikasten ari diren herritarrek euskara erabiltzeko dituzten aukerak eta handitzeko helburuarekin, euskarazko film labur onenari eman ohi zaion Mintzagun Saria sortu zuen 2012an. Ikuskara aurkezten diren film laburren artean, euskarazko onena aukeratzen dute urtero eskualdeko euskaltegietako ikasleek”. Beraz, hilaren 20an Errenteria-Oreretan eta 22an Pasaian (Trintxerpen) egingo diren saioetan, film laburrekin gozatzeaz gain, onena hautatzeko aukera izango dute euskaltegietako ikasleek.
Honakoak dira saileko filmak, hau da, saria jaso dezaketenak ikasleek hala erabakita: Muskil, Malkoak, Telebistako emakumea, Muga, Gogoan daukazu eta Loturak.