Porrot gogorra Pasaiarentzat
Hirugarren Mailako gizonek etxeko lehen partida galdu zuten Derio arerio zuzenaren aurka (0-3). Pasaitarrak jaitsiera postuetan kokatu dira.
Argazkia: Pasaia KE. Pasaiako Hirugarren Mailako gizonek porrot mingarria jasan zuten larunbatean Derioren aurka (0-3). Pasaitarrak galdu gabe ziren Jesus Mari Zamoran aurtengo denboraldian, baina porrot gogorra jaso zuten hamargarren jardunaldiko partidan. Derio jaitsierako postuetan iritsi zen Pasaiara, baina hiru puntuak eraman zituen etxera.
Derio 11. minutuan aurreratu zen markagailuan, eta lehen zatia bukatzear zela, bigarren gola lortu zuen talde bizkaitarrak. Bigarren gol hori gogorra izan zen Pasaiarentzat, eta partida maldan gora jarri zuen. Atsedenaldiaren bueltan, etxeko taldeak baloi jabetza izan zuen, eta markagailuko aldea murrizten saiatu zen, saririk lortu gabe. Saria lortu zuena Derio izan zen, hirugarren gola lortu baitzuen 86. minutuan, neurketa bukatzear zela.
Larunbateko porrotarekin, Pasaia jaitsiera postuetan kokatu da, 8 punturekin. Derio, ordea, Jesus Mari Zamoran lortutako garaipenarekin, jaitsiera postuetatik atera da. Bizkaitarrek 10 puntu dituzte, pasaitarrek baino bi gehiago.
