Errigoraren 693 saski saldu dira Oarso Bidasoan
Euskal Herri osoan 14.000 izan dira osotara saldu direnak. Aurten hamar bete ditu egitasmoak. Hamar urtean bi milioi euro bildu dituzte.
Bukatutzat eman dute Errigorako kideek udazkeneko kanpaina. Datuak ere eman dituzte: Euskal Herri osoan 14.000 saski saldu dituzte, horietatik 693 Oarso Bidasoko herrietan: Oiartzunen 199, Errenteria-Oreretan 182, Pasaian 113, Irunen 83, Lezon 64 eta Hondarribian 52. Hala, saldutako saski guztiengatik 185.000 euroko diru ekarpena jasoko du Errigorak: hori Nafarroako Ager eremuko AEKri nahiz Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastoletara bideratuko dute, baita D ereduko lerroak dituzten ikastetxetara ere. Agerraldia bultzatzeko (Ager zonaldean egiten diren ekimen sozio-kulturalak) ere baliatuko dute bildutakoa.
Aurten hamarkada bat bete du Errigorak Nafarroa erdi-hegoaldeko ekoizle txikiek sortutakoak saltzen, jasotako diruarekin hango euskalgintza bultzatzeko. Osotara, saldutakoagatik jasotako diru ekarpena bi milioi euro ingurukoa izan dela adierazi dute. Hala, komunitatearen indarra nabarmendu dute egitasmoaren sustatzaileek, baita boluntarioen lana ere: “Argazki bete-betea osatu dugu ekoizle, euskaltzale, auzolangile, eta milaka kontsumitzailerekin. Hamar urteko argazki erraldoia osatu dugu”.
Gaur Buñuelen (Nafarroa), saskiak banatuko dituzten kamioien artean atera dute argazkia Nafarroako Erriberako kideek. Saskiak hartu dituzten guztiei esker on mezua zabaldu diete.