Kukai Dantzaren 'Jazoerak', igandean Lekuona Fabrikan
Antolamendu berezi batekin landuko du Kukai Dantzak, eta Errenteria-Oreretan egonik, herriko hainbat artista eta eragilerekin batera ondu du ikuskizuna.
Ikuskizuna eskainiko du Kukai Dantzak igandean: Jazoerak. Gaur aurkeztu dute Kukai Dantza taldeko kideek, Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata musikariak, Imanol Elizasuk eta Herri Arte Eskolako koordinatzaile pedagogikoa den Beñat Rallak lagunduta.
Jon Maya dantzariak eman ditu xehetasun denak: “Jazoerak izena antolatzen ditugun programa bereziei jartzen diogu. Kasu honetan ez da izango ikuskizun narratibo bat, gai baten inguruan jositakoa, baizik eta gure azken ikuskizunetako momentu esanguratsuenak jasotzen dituen ikuskizuna. Azaroan egiten dugun emanaldia aurten nahiago izan dugu bertako eragileekin elkarlanean aritzeko baliatu, eta atzerabegirako txiki hau egiteko ”.
Lekuona Fabrikaren Sorlekuak eskaintzen duen aukera baliatuko dute emanaldirako. Antolamendu berezi batekin landuko du Kukai Dantzak, eta Errenteria-Oreretan egonik, herriko hainbat artista eta eragilerekin batera ondu du ikuskizuna. Esate baterako Herri Arte Eskola euskal dantza, dantza garaikidea, alboka taldea, haizezko hainbat ikasle eta musikari izango dituzte agertokian. Zaria abesbatza ere arituko da: ” Lantzen ari garen sorkuntza berrian Imanol Elizasu Zariako zuzendaria lantaldean dugu kolaboratzaile”.
Luis Mari Moreno Pirata, Iñaki Diegez eta Jonbi musikariak, eta Ereintza dantza taldea ere ariko da Kukai Dantzaren emanaldian.
Ordubete inguruko ikuskizuna da, oso bizia, publiko orokorrarentzat egokia Mayak azaldu duenaren arabera.
Biran ari da bete-betean oraintxe dantza konpainia errenteriarra, eta horrekin batera, sorkuntza berria ontzen. ezer gutxi aurreratu du lan berriaren gainean Kukai Dantzaren zuzendariak: ” Txalaparta izena izango du ikuskizun berriak, eta otsailean estreinatuko dugu”.
Otsailera arteko itxaronaldia arintzeko, igandekoa hitzordu ezin hobea da Kuka Dantzak herriko artista eta eragileekin ondu duen ikuskizunaz gozatzeko. Garaiz ibili ez direnentzat oharra, sarrerak agortua daude.
Lekuona Fabrikaren Sorgunean izango da ikuskizuna 19:00etan hasita.