Lezo "indarkeria matxistarik gabeko udalerria" izan dadin, PSE-EEren proposamenak
Berdintasun Mahaia sor dadila eskatu du, besteak beste, udal talde sozialistak. Udal aurrekontuetan Berdintasun Sailak partida handiagoa izan dezala nahi dute.
Indarkeria Matxistaren Kontra Eguna hurbil dela, Lezoko PSE-EEren udal taldeak hainbat proposamen egin dizkio udal gobernuari Lezo “indarkeria matxistarik gabeko udalerri” izan dadin. Horien artetik pisu handienekoa Berdintasun Mahaia sortzearena izan da. “Mahai hau Udalaren kontsultarako gune bat izango litzateke, emakumeek parte har dezaten, informazio interesgarria eskainiz. Proposatutako programak eztabaidatu eta hainbat jarduera antolatuko lirateke. Emakume independenteek zein udalerriko elkarte edo talderen batean daudenek osatuko lukete “, zehaztu du Joxean Sanchez PSE-EEren udal taldearen eledunak.
Neurri gehiago. Adibidez, udal mailan emakumeen eta gizonen berdintasunaren erregimen juridikoa ezarri eta hobetzeko tresna bihurtuko den ordenantza bat egitea proposatu dute, “genero ikuspegia udal jarduera osoan integratzeko”. Bai mahaiaren asmoa zein ordenantzarena Lezoko Udalaren III. Berdintasun Planean daudela zehaztu du Sanchezek. Planean, Berdintasun teknikariaren lanaldiak %100ekoa behar duela izan jasota dago, “gaur egun %50ekoa du”.
Puntu ilunen gaineko lanketa eskatu du, aldi berean, herriko PSE-EEk. “Puntu ilunak ezabatzera bideratutako inbertsioen aurrekontua egin beharko litzateke, gure udalerritik igarotzean emakumeei segurtasun ezaren sentsazioa eragiten baitute horiek”.