Euskara erdigunean, eta mendian
Euskararen Egunaren harira Lezoko hainbat eragile bildu, eta egitarau bateratua antolatu dute. Euskararen Egunean mendira joango dira.
Elkarlanetik berriz ere, Euskararen Egunaren harira egitaraua prestatu dute Lezoko eragileek. Abenduaren 1etik 3ra arte luzatuko dira bertako hizkuntzari behar duen tokia aldarrikatzeko jarduerak. Herrigunean izango dira ekitaldiak, baina garrantzitsuena, abenduaren 3koa (Euskararen Eguna) mendira eramango dute: Euskararen haziak ereiten ibilbide gidatua egingo dute egun horretan, bertako ameztia ezagutu, eta euskararen haziak ereiteko. 3.2,1… pum! Euskara erdigunean leloarekin antolatu dute ekintza sorta
Lehen ekitaldia abenduaren 1eko (ostirala) 17:30ean izango da. Musika eskolako ikasleek musika emanaldia egingo dutek, euren egoitzan. Hurrengo egunean, abenduaren 2an (larunbata), zinemarako tartea Gezala Auditoriumean haurrentzat Izurde mutikoa lanarekin (17:00) eta 16 urtetik gorakoentzat Irati filmarekin (19:00)
Abenduaren 3, Euskararen Eguna
Sinbolikotik asko, baina praktikotik beste asko izango duen jarduera egingo dute Euskararen Egunean. Euskararen haziak ereiten ibilbide gidatua egingo dute hala nahi duten guztiek. 09:00etan geldituko dira Gurutze Santuaren plazan, Jaizkibel aldera joateko. Hango ameztiak ezagutuko dituzte, eta haziak ere ereingo dituzte partaideek. Haziak bertako basoa berreskuratzeko, eta haziak euskararen berreskuratzearen eta indartzearen basoa egiteko. Jarduera horretarako aurrez izena eman behar da: zerrenda Orki tabernan dago, baina posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena. Azaroaren 30a jarri dute horretarako epemuga.
Jaizkibeldik herrira jaitsiko dira partaideak. 14:00etan, Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian norberak eramandakoarekin bazkarira bilduko dira. Ondoren, 15:00etatik aurrera, jolasak eta tailerrak izango dira. 16:30ean, berriz, martxarako tartea Txirbilla Sound Systemekin.
Ekintza guztiak elkarlanean antolatu dituzte Tomas Garbizu Musika Eskolak, Errota Lezoko Guraso Taldeak, Hezikuntza Guraso Elkarteak, Xoxolur Mendi Klubak, Amezti Baso Biziak Jaizkibel taldeak, Txirbilla Aisialdi Taldeak, eta Lezoko Zinema Tikiak, Lezoko Udalaren laguntzaren aterkipean.