Inoizko aurrekonturik handiena izango du Pasaiak
33,3 milioi euroko aurrekontua proposatu du udal gobernuak. 2023ko aurrekonturekin alderatuta, %22,69ko igoera izan dute datuek. Udal arlo guztietan izan dira igoerak, "Pasaiak eta pasaitarrek merezi dutelako".
Pasaiako Udal Gobernuak, EH Bilduk eta Podemosek, 2024ko aurrekontuen proposamena aurkeztu die ordezkaritza duten beste bi alderdiei, EAJri eta PSE-EEri. Zenbateko hori 33.319.340 eurokoa da. Iazko datuekin alderatuz gero, %22,69ko gehikuntza dago, 2023ko aurrekontua 25.758.190 eurokoa izan baita. Datorren urteko aurrekontu proposamena Pasaiak inoiz izan duen handiena da.
Datorren ekitaldirako “diru sarreren ehuneko ehuna presupuestatzea” erabaki du gobernu taldeak, azken agintaldietan nagusitu izan den “jarrera kontserbadorearekin apurtuz, gastuaren kontentzioa alde batera utzita”. Teo Alberro alkateak adierazi du “jarrera aurrerakoia” nagusitu dela Aurrekontu Proposamenean.
Aurrekontuan iragarrita dauden 1.337.349 euro inbertsioak egiteko bideratuko dira. 2023ko datuekin alderatuta, %37,31ko igoera izango du atal horrek. Proiektuen artean honakoak daude: Donibaneko saneamendurako 446.000 euro; Trintxerpeko futbol zelaiaren belarra aldatzeko 375.000 euro; udal eraikinetan eguzki plakak ezartzeko 120.000 euro; Azkuene goiako baratze parkearen lehenengo faserako 121.000 euro; Donibaneko magalak egonkortzeko 106.000 euro; herriko haur parkeak konpondu eta berritzeko 90.000 euro; San Pedroko gimnasioa egokitzeko 60.000 euro; udal ibilgailu elektriko eta kale garbiketarako 50.000 euro; edota Larrabideko kiroldegia eraberritzeko proiektua idazteko 20.500 euro.
Udal gobernua ziur da “inbertsio horiek eta gehiago merezi dituztela Pasaiak eta pasaitarrek”. Hori dela eta, erabakia izan da diru sarreren zenbateko osoa aurrekontuan sartu eta baliatzea “agintaldian zehar herria geroz eta bizigarri eta lagunkoia” izan dadin. Aipatutako inbertsio horiez gain, eta aurrekontuan ageri ez badira ere, “Pasaiako proiektu izarrak” izango direnak ez dituzte alde batera utzi: Luzuriagako Kulturgunea eta Antxoko Gure Zumardiaren urbanizazioa.
Igoerak arlo guztietan
Orotara, udal arlo guztien aurrekontuetan izan dira igoerak. Gizarte Ekintzara 2,9 milioi euro bideratuko dira, iaz baino %8 gehiago. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, “lan baldintzak duintzeko” erabakia hartu du udal gobernuak. “Langileen borrokaren ondorioz lortutako eskubideak” bermatuko ditu udalak.
“Euskararen aurkako oldarraldi bete-betean”, Pasaiako Udalak apustua egin du “euskarak merezi duen” aurrekontu propioa mantendu eta hori handitzeko. Inbertsio horri esker, alfabetizazioaren doakotasunean, ikastetxeetara iritsi berri diren ikasleentzako uler saioetan, eragileekin elkarlanean osatutako mahaietan eta diru laguntza berrietan inbertitu ahal izango dute datorren urtean.
Kirol arloan milioi erdi inguruko inbertsioa egingo du udalak. Asmo nagusia da herriko instalazioen hobekuntza orokorra egitea. “Gehien-gehienetan” jarduketak “beharrezkoak” badira ere, “presazkoei” erantzuten ahaleginduko da udal erakundea. Kalparran ari dira jada “beharrezko konponketak” egiten, eta bide beretik jarraituko dute agintaldian zehar. Trintxerpen, futbol zelaiko belarraren aldaketa eta Larrabide kiroldegia izango dira ardatz nagusiak.
Berdintasunari dagokionean, %51ko igoera emango da politika feministetan aurrera egiteko. Udalak nabarmendu du datorren urtean lehen aldiz Pasaiako LGTBI+ kolektiboaren egoera eta beharrizanei buruzko azterketa bat egingo dela, 18.500 euroko aurrekontuarekin. Horri esker, lan lerro berriak definitu ahal izango dituzte, bizitza horiek ere “erdigunera” eramateko eta “kolektiboko herritarren duintasunaren aldeko lehen urratsak” egiteko. Jabekuntza Eskolaren sustapenak %10eko igoera izango du, eta politika feministetan eta udal langileen formazioan sakontzen jarraitzeko helburuarekin, bigarren teknikari bat kontratatu du udalak.
Kultur esparrua ere indartuko du udalak. Lehenik eta behin, Itsas Festibalaren “izaera turistikoa” alde batera utzi eta jarduera hori “kulturara lekualdatzea” erabaki dute. Horrez gain, herriko festa eta ospakizunetarako zenbatekoak 15.000 euro egingo du gora datorren urtean. Barruti bakoitzeko jai batzordeetako partidek %10eko igoera izango dute.
Ezohiko diru sarrerak
Udalak “ezohiko diru sarrera handiak” izango ditu datorren urtean. Hiru iturritatik datoz: Andonaegi auzoaren berroneratzerako, Jaurlaritzatik eta Europatik 8 milioi euro jasoko dituzte; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Funtsetik, 13,8 milioi euro; eta Andonaegiko obren zergengatik, 600.000 euro inguru. Gobernu taldeak horiek guztiak baliatuko ditu “inbertsioak handitu eta herritarren bizitzak hobetzen ahalegintzeko”.
Gobernu berriaren “oinarrietako” bi herritarrekiko hartu emana eta gardentasuna bermatzea izango direnez, “estrategikoak” izango diren Komunikazio eta Parte hartze teknikari bana kontratatuko dituzte. “Gure gobernantza ereduaren isla garbia da erabaki hau”, esan du Alberrok.
Aurrekontu Proposamenaren gaineko azken hausnarketa egin du Pasaiako alkateak: “Aurrekontu Proposamen hau udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiei aurkeztu ondoren, argi utzi nahi dut udal gobernu hau prest dagoela proposamenak entzun eta, pasaitarren egunera hobetzera badatoz, baita proiektu berriei leku egiteko ere. Sinetsita gaude 33,3 milioi hauek mugarri izango direla merezi dugun Pasaia irudikatzeaz haratago, urte luzez atzeratu edo geldiarazita izan diren hobekuntzak egi bihurtzen hasteko”.