Adi Ostiral Beltzarekin
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak, Black Friday egunaren harira egindako erosketen gaineko hainbat aholku eman ditu.
Etzi, hilak 24, da Ostiral Beltza edo Black Friday. Enpresa askok erosketak sustatzeko deskontuak eskaintzen dituzte egun horren harira. Asko, Internet bidez egiten dira. Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak hainbat ohartarazpen eta aholku eman ditu erosketa horiek egiterako orduan kontuan har daitezen. “Beti da garrantzitsua zenbait neurri hartzea. Izan ere, egun hauetan eskaintzak ugaritzen diren moduan, iruzurrak ere areagotu egiten dira”.
Hasteko, Instagramen eta beste sare sozialetan argitaratzen diren iragarki edo eskaintzekin kontuz ibiltzeko eskatu dute. “Kasu batzuetan, erosketa egiteko kontaktua Whatsapp bidez egiten da. Ondorioz, saltzaileari buruz dugun datu bakarra bere telefono zenbakia da. Arazorik izanez gero, ez ditugu erreklamazio bat aurkezteko behar diren datu guztiak edukiko”. Kasu horietan, ez da jakina eroslea enpresa edo pertsona partikular batekin ari den. “Saltzailea pertsona partikularra bada, ezin da aplikatu kontsumoko araudia, bermeei edo atzera egiteko eskubideari dagokiena bestea beste. Horrelako erosketetan, normalean, ez digute erosketaren egiaztagiririk bidaltzen, eta transferentzia bidez ordaintzeko eskatzen dute. Kontuan hartu behar da ordainketa mota hauek ezin direla atzera bota”.
Edonola ere, online erosketak egiterako orduan ere hainbat aldagai kontuan hartzekoak dira esan dute eskualdeko kontsumo bulegotik. Honakoak dira, hitzez hitz:
Online denda batean erosten denean, erosi aurretik garrantzitsua da salmenta eta itzulketa baldintzak kontsultatzea. Besteak beste, datu hauek ere egiaztatzea gomendatzen dute Kontsumo Bulegoan:
- Enpresaren datuak (izena edo sozietatearen izena, IFZ, helbidea, helbide elektronikoa eta harekin harremanetan jartzeko aukera ematen duen beste edozein datu). Enpresak Espainiako Estatuan establezimenduren bat badu, arazorik balego, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan egin daiteke erreklamazioa.
- Enpresa Europako Batasuneko beste herrialde batean badago, Kontsumitzailearen Europako Zentroaren bidez erreklama daiteke, baina EBtik kanpo badago, erreklamazioa ezinezkoa izan daiteke.
- Kontuan hartu behar da Europako Batasunekoak ez diren eta 22 eurotik gorako balioa duten produktuek aduanan muga-zergak ordaindu behar dituztela.
- Online dendetako webguneen segurtasun maila zerbitzari seguruaren adierazleak (https://), giltzarrapo itxia edo web orri batzuetan agertzen den giltza erabiliz identifika daitezke.
- Erosketa egin ondoren, enpresak dituen datu guztiak eskaera berrespenean bidali behar ditu.
- Entregatzeko epea 30 egunekoa da gehienez. Epe hori igarota, enpresak dirua itzuli behar du, atzerapenik gabe.
- Produktua jaso ondoren, gutxienez 14 eguneko epea dago itzultzeko inolako arrazoirik eman gabe (itzultzeko eskubidea). Enpresak itzuli egin behar du ordaindutako prezioaren kantitatea, bidalketa¡ gastuak barne, baina baliteke itzulketaren gastuak gure gain hartu behar izatea.
- Enpresa saltzaileari buruz beste erabiltzaile batzuen informazio eta iritziak bilatzea komeni da, haren fidagarritasuna hobe ezagutzeko.