Pasaia Kayakeko gazteak, txukun Eskola Jokoetan
Iragan asteburuan Trintxerpen lehiatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Eskola Jokoen piraguismoko bigarren proba. Pasaia Kayak hirugarren sailkatu zen taldekako sailkapenean.
Iragan asteburuan Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Eskola Jokoen programaren barruko piraguismoko udazkeneko bigarren proba lehiatu zen Trintxerpeko dartsenan, Gipuzkoako Piraguismo Federazioaren koordinazioarekin eta Pasaia Kayaken antolakuntzarekin.
Talde nafarrek ez zuten Trintxerpen egoteko aukerarik izan, beren egutegi propioko Eskola Jokoekin kointziditzen zuelako. Hori dela eta, beste topaketetan baino parte hartzaile gutxiago izan ziren Pasaiako uretan. Beste txapelketetan ez bezala, 100 kirolari baino gutxiago elkartu ziren.
Hala ere, Plentzia Piraguismo Taldeko eta Legutioko Boga Boga taldeko piraguistak Trintxerpen izan ziren, Gipuzkoako taldeekin lehian. Eguraldi “ederra” lagun, “giro atsegin eta jatorra” izan zen nagusi Trintxerpeko Hospitalillo kai inguruan.
Kimuen mailan Daniel Castrillon errenteriarrak eta Iker Barbierrek lortu zituzten klubeko emaitza esanguratsuenak, A mailako taldean bigarren eta hirugarren sailkatu baitziren, hurrenez hurren. Iker Lizaso ere ohorezko postu bat lortzeko lehian izan zen, baina irauli eta bere aukera guztiak galdu zituen.
Infantil mailan lehiakortasuna “oso handia” izan zela aitortu du Pasaia Kayakek. Aitana Etxezortuk “merituzko” bosgarren postua erdietsi zuen B taldean. Egoitz Fuentes eta Oier Salsamendi trintxerpetarrek ere “lan txukuna” egin zuten A taldean, bosgarren eta seigarren izan baitziren, hurrenez hurren.
Taldekide guztien puntuak batuz, Pasaia Kayak hirugarren postuan sailkatu zen taldekako sailkapenean. Txapelketa Irungo Santiagotarrak taldearentzat izan zen, eta Zumaiako Itxas-Gain taldea sailkatu zen bigarren postuan. Eskola Jokoen azken proba datorren asteburuan lehiatuko da, Zumaiako uretan.
Bestalde, Pasaia Kayak “laster” egin beharko duen lekualdaketa prestatzen ari da. Prozesu horrek neguko entrenamendu eta prestaketak “albait” gutxien eragiten ahaleginduko dira. “Marea urdinak tinko jarraituko du Pasaiako badian”, esan dute klubeko kideek.