Bihar, Lezoko Poesia Kaiaren azkena
Aste osoko emanaldi sortari ginga jartzeko, lau olerkarik emanaldia egingo dute Gezala Auditoriumean, musikarekin.
Asteazkeneko emanaldiaren bukaerako unea da irudikoa. Poesia Kaiaren hirugarren ekitaldiak jada etapa ia denak egin ditu. Geltokiz geltoki joan da asteartetik, eta egun horretako, asteazkeneko eta atzoko emanaldien ondoren, biharkoa (hilak 25, larunbata) izango da azkena: Luis Gardek, Lizar Begoñak eta Mikel Arruabarrenak euskaraz eta Fermin Herrerok gaztelaniaz, poemak errezitatuko dituzte. Juanra Makuso musikaz arduratuko da, biolinarekin. Emanaldia Gezala Auditoriumean izango da, 19:00etan.
Aurtengo ekitaldiek berritasun nabarmena izan dute, Aurelio Agirre Galarraga idazle eta poeta galiziarrari omenaldia egingo baitiote. Idazle horri aitortza egiteko arrazoia da bere ama, Josefa Galarraga Etxebeste, lezoarra zela. Egoera hori baliatua, hilaren 21eko eta 22ko jarduerak haien omenezkoak izan ziren, eta Galiziatik etorritakoak ere izan ziren herrian.
Agirre XIX. mende hasierako Galiziako Erromantizismoko “idazle handienetakoa” izan zela nabarmendu du Xose Estevez Poesia Kaiko partaide eta historialariak. “Ez zen gehiagora iritsi 25 urterekin hil zelako”, esan zuen. Horrez gain, Aurelio Agirre Galarraga eta Manuel Martinez Murgia Galiziako nazionalismoaren mugimenduaren parte izan zirela azaldu zuen Estevezek.

Atzoko saioa Kultura Aretoan egin zuten.
