'Sustraietatik eraldatuz' dokumentala estreinatuko dute Landetxen
Oiartzungo Manuel Lekuona bibliotekako ipuinak aztertu zituzten, genero-ikuspegitik. Asteartean estreinatuko dute dokumentala.
Pasa den urtean, Manuel Lekuona bibliotekako haurrentzako liburuak aztertu zituzten, genero-ikuspegi batetik, Oiartzungo Udalak enkargatuta.
Izan ere, udalak zehaztu duenez, ipuinak gizartearen “ispilu” badira. “Tamalez, dezentetan azaltzen dira ipuinetan betikotu behar ez diren ereduak”, gaineratu dute.
Haurren hezkuntzan eta sozializazio prozesuan ipuinek duten garrantziagatik egin zuten azterketa. Horregatik, liburuek sexu eta genero rolei buruz ematen dituzten mezuak xehatu zituzten. Sustraietatik eraldatuz dokumentalean jaso dute emaitza.
Haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen aztertzen du dokumentalak. Oiartzungo bibliotekan eta beste hainbat liburutegitan haurren esku dauden liburuak aztertzeko zenbait ikerketen berri ematen dute bertan. Gaiaren inguruan aritu eta aditu diren Lur Gallastegi idazlearen, Ainara Azpiazu ilustratzailearen, Kalandra Pamielako Carmen Elviraren testigantzak jaso dituzte.
Estreinaldia, asteartean
Landetxe Kultur Aretoan emango dute Parean Elkarteak egindako 35 minutuko dokumentala premiere-a. Asteartean izango da (hilak 28), 18:30ean hasita. Doan izango da eta udalaren webgunean hartu daitezke gonbidapenak.