"Emakumeen aurkako indarkeria mota oro onartezina da"
Bekoz beko elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute antxotarrek Biteri plazan. Indarkeria matxista erabat gaitzetsi eta emakumeen sareak eraikitzeko beharra aldarrikatu dute. Egungo zaintza sistema ereduan ere aldaketak eskatu dituzte.
Gaur Azaroaren 25a da, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta egun horren harira, hainbat jarduera antolatu dira Oarso-Bidasoko eskualdean indarkeria matxistari aurre egiteko.
Pasai Antxoko Bekoz beko elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur antxotarrek Biteri plazan. Bekoz bekoko kideek adierazi dute emakumeen aurkako indarkeria mota oro “erabat onartezina” dela eta indarkeria matxista “giza eskubideen urraketa” dela.
Indarkeria matxistaren kasuak “gero eta ugariagoak” direla salatu dute. Aurten, 4 emakume eta haur bat hil dituzte Euskal Herrian. Estatuan, aldiz, 93 emakume erail dituzte. 2023ko datuei erreparatuta, sexu erasoen kopuruak %43an hazi direla nabarmendu dute. Eraso larrienen kasuan, erasotzaileak biktimen bikotekideak edo bikotekide ohiak izan direla zehaztu dute.
Erailketak “icebergaren punta” direla esan dute Bekoz bekoko kideek, indarkeria matxistak “adierazpen ugari” baititu, “sistema heteropatriarkalean” kokatzen direnak: “Emakumeok indarkeria jasaten dugu familian, kalean, eskolan, lanean eta gure harreman pertsonal eta sozialetan. Indarkeria, bere adierazpen guztietan, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunei eusteko tresna bat da”.
Hori dela eta, honakoak arbuiatu dituzte: emakumeen bikotekideak edo bikotekide ohiak baliatutako indarkeria, haien seme-alaben aurkako indarkeria, adineko emakumeen aurkako indarkeria, nesken aurkako indarkeria, laneko eta aisialdiko indarkeria eta beste asko.
Eremu digitalean emakumeen aurkako jazarpenak gora egin duela jakinarazi dute, eta “oso adin goiztiarrean” pornografiarako sarbidea ere izan dutela gaineratu. Pornografiak seme-alaben sexu hezkuntzan eta barneratzen duten emakume ereduan “eragin erabakigarria” duela nabarmendu dute, “pornografia eta prostituzioa emakumeon aurkako indarkeria” baitira.
Indarkeria mota guztiekin bukatzeko, emakumeen artean sareak eraikitzeko beharra aldarrikatu du Bekoz bekok, “elkar zainduz, berdintasunean heziz”. Era berean, erakundeei “erantzukizunak eta ekintza politikoak” eskatu dizkiete. Gizonei ere egin diete dei: “Utzi eredu matxistak errepikatzeari, berdintasunean lan egin dezagun”.
A30eko Greba Feminista Orokorra
Azaroaren 25aren aldarrikapenez gain, Bekoz bekoko kideak ez dira Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraz ahaztu. Datorren ostegunean egungo zaintza sistemaren aldaketa aldarrikatuko da, besteak beste, “lan prekarietatearen eta zaintzak ez baloratzearen aurka, gehienbat emakumeek hartzen baitituzte beregain”.