"Nazkatuak gaude behin eta berriz gauza bera esateaz, baina ez gaituzte isilduko"
Oreretako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute oreretarrek Zumardian. Indarkeria matxistari aurre egingo diotela eta heteropatriarkatua agerian utziko dutela ozen esan dute. Kaleak hartu eta gizartea eraldatzeko beharra aldarrikatu dute. Zaintza sistema publikoa ere eskatu dute.
Gaur Azaroaren 25a da, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta egun horren harira, hainbat jarduera antolatu dira Oarso-Bidasoko eskualdean indarkeria matxistari aurre egiteko.
Oreretako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Zumardian. Lehenik eta behin, Palestinako herria izan dute gogoan, eta Israel bertan egiten ari den “basakeria” salatu dute. Palestinakoa “min garrasi” bate dela esan dute, munduko herrialde guztietan “durundatzen” duena. Egoera horren aurrean, “isiltasunaren konplize” ez izateko aldarrikapena egin dute. Emakumeak Palestinaren elkartasunaren alde altxa direla ozen esan dute, bereziki “gure ahizpa” palestinarrekin: “Gatazka armatuetan heteropatriarkatua esponentzialki biderkatzen da infinituraino, eta gure gorputzak gudu zelai eta harrapakin bihurtzen dira”.
2023an lau emakume eta haur bat erail ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian, eta kasu horiek guztiak gogora ekarri dituzte, arrazoi batengatik: “Guk kontatzen dugu haiek ezin dutelako”. Indarkeria muinean duten kontakizun “makabro” guztiek “logika hiltzaile” bat dutela adierazi dute: logika heteropatriarkala. Logika horrek emakumeak “otzanak, bere esanetara eta beldurrez” nahi dituela gaitzetsi dute.
Kontakizun horien gidoia ere bera dela salatu dute: sistema heteropatriarkal kapitalista: “Sistema hau baliatuz, emakumeak aske ez izateko soka baten bidez lotzen gaituzte, lepoa estutu arte, beldurrez inguratu arte, arnasa hartzera iritsi ezin arte”. Indarkeria matxistaren gorakada “estrukturala” den arazo batetik datorrela esan dute.
“Muturrekoa” ez den baina “egunerokoa” den indarkeria ere ekarri dute gogora: “Askotan oharkabea da indarkeria hori. Gizarteak barkatzen edo normalizatzen ikasi du, baina feminizidioak sustatzen dituzte. Nazkatuak gaude behin eta berriz gauza bera esateaz, baina ez gaituzte isilduko”.
Heteropatriarkatua, agerian
Oreretako Asanblada Feministak argi esan du heteropatriarkatua agerian utziko dutela. Emakume izate hutsagatik egunero bizi dituzten “ezkutuko indarkeria” horiek guztiak identifikatzen ikasi dutela ozen oihukatu dute: “Identifika dezagun eta jar diezaiogun izena: matxismoa indarkeria da”.
Erasoen aurrean autodefentsarako hautua hartu dutela argi esan dute, eta horretan jarraituko dute matxismoa “eguneroko ogia” den bitartean. Adierazi dute “kontziente” direla egin beharreko bidea “luzea” dela, eta sufritzen duten “sexu indarkeria errotik ezabatzeko”, bestelako jarrera, ekintza eta neurriak behar direla. Horregatik honakoa aldarrikatu dute: “Ez gara inorenak, gure gorputza gurea da, eta askatasun osoa dugu nahi duguna une oro esateko. Azken hitza gurea da”.
Kaleak ere emakumeenak direla ozen oihukatu dute. Auzo eta herrietan “libre” ibili nahi dute, egunez zein gauez. “Eraldaketa” bidean, emakumeek 24 orduz espazio guztiak hartu nahi dituztela argi esan dute: “Plazak, kaleak, udalak, komunak, antzokiak, tabernak hartu nahi ditugu. Nonahi, noiznahi, nolanahi; bide eta espazio guztietan. Libreki mugitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Horrez gain, berriro erreklamatu dituzte “beharrezko baliabideak” instituzio publikoetan, eta gizarte eraldaketa lortu nahi bada, pertsona guztiek batera lan egin behar dutela ziur dira, “jarrera matxista eta sexistak behingoz bukatzeko”.
Zaintza sistema publikoa
Zaintza sistema publikoaren aldarria ere egin dute, “zaintza baita pertsona guztion bizitza duina garatzeko oinarri”. Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren deialdiarekin bat egin dute: “Zaintza eskubidea pertsona guztientzako da eta zaintzen ez dutenen pribilegioak agerian jartzen ditu”.
Hori dela eta, grebara joko dute “zaintza unibertsala eta duina” aldarrikatzeko eta eskatzeko: “Zaintza sistema publiko bat eskatzen dugu, eta gobernatzen dutenei pribatizatzeari uzteko esan nahi diegu”.
Bukatzeko, honakoa aldarrikatu dute: “Denen artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko. Gizarte hobeago batean sinesten dugu, arrazakeriarik, indarkeriarik eta gorrotorik gabekoa. Emakume guztiek nahi dugu bizitza duina, eta eskubide hori erreibindikatuko dugu. Gora borroka feminista!”.