Duintasuna eta Palestinaren gaineko mozio bana, biharko plenora
Gutxieneko pentsioen gaineko mozioa aurkeztu du Duintasunak; Palestinaren egoeraren gainekoa da Orereta Palestinarekin Herri dinamikak aurkeztu duena.
Udalbatzaren ohiko osoko bilkura izango da bihar, 18:30ean hasita. Gai ordenan, zortzi puntu eta tartean bi mozioa. Lehena, Duintasun elkarteak aurkeztu du eta gutxieneko pentsioen gainekoa da. Zehazki, pentsiodun guztiek gutxienez, 1.080 euroko diru sarrerak izatea bermatzea, hamalau ordainsaritan da eskatu dutena mozioaren bidez. Gaur egun, 783 euroan dago finkatuta gutxieneko pentsioa, eta 1080 eurora arte osatzea eskatzen diote mozioan Espainiako estatuko gobernuari, Araba Bizkaia eta Gipuzkoa zein Nafarroako gobernuei.
Zenbateko hori “ezinbesteko” jo du Duintasunak, “premia sozial urgentea eta justiziazkoa da, erakunde publikoek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako”.
Gutxieneko pentsioak 1080 euroan ezartzeak pentsioetan dagoen genero arrakala murriztuko lukeela ere jaso dute pentsiodunek euren mozioan. Gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.080 eurotik beherako diru sarrerak dituzte 167.718 pentsiodunek Duintasunak emandako datuaren arabera, “gehienak emakumeak dira”.
Plenoari eskaera zehatza egingo diote bihar jubilatuek: Jaurlaritza eta Eusko legebiltzarrari eskatzea gutxieneko pentsioa 1080 eurora osatu dezaten 14 ordainsaritan, 2023ko urtarriletik; eta Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarrari helaraztea erabakiaren berri.
Palestina
Bigarren mozioa, Orereta Palestinarekin Herri dinamikak aurkeztua da eta Palestinaren egoeraren gainekoa da. Palestinako genozidioa salatzeko eskatuko dio Oreretak Palestinarekin Herri dinamikak udalari mozioaren bidez. Israelgo armada Palestinatik erabat erretiratzeko ere eskatzen du mozioak, eta Palestinako herriari elkartasuna adieraztea.
Hamabi puntu biltzen ditu mozioak, denera, honakoak:
1. Errenteriako Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Israelgo Estatuak Gazako zerrendan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta herrialdearen segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu.
2. Errenteriako Udalak erasoak berehala gelditzeko eskatzen du, eta Israelgo armada Palestinatik erabat erretiratzeko. Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu.
3. Errenteriako Udalak Palestinari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik.
4. Errenteriako Udalak Europar Batasunari eskatzen dio beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Palestinari eta Palestinako herriari, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzeko eskatzen du. Israelgo Estatuari gogorazten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra.
5. Europako Batasunari, Espainiako Estatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar horretatik erator daitezkeen errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko. Eta agintari eskudunen esku jartzen du harrera espazio bat, iragaitzazko migratzaileei zuzendua, behar izanez gero Palestinatik iristen diren errefuxiatu horiei harrera emateko. Halaber, konpromisoa hartzen du harrera duina bermatuko duten espazioak eskaintzeko haur palestinarrei.
6. Errenteriako Udalak irmo eskatzen dio Israelgo Estatuari, nazioarteko legedia errespetatzeko, armak baztertzeko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.
7. Errenteriako Udalak Europako Batasunari eskatzen dio ahalegin handiagoa egin dezala kudeaketa diplomatikoen bidez deseskalatzea bultzatzeko eta bakeari eusteko.
8.Errenteriako Udalak Larrialdi Humanitariorako diru laguntza bat onartuko du, tokian bertan lanean ari den erakunderen batentzat Palestinara modu seguruan helduko dela bermatu daitekeen unean.
9.Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten pertsona elkarte edo eragileekin kirol, kultur, edota bestelako izaera duen ekitaldirik ez antolatzeko.
10. Errenteriako Udalak bat egiten du Israelekiko boikot ekonomikorako deialdiarekin eta konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten produktu edota kontrataziorik ez egiteko, ez israeldarren zigor modura, Israelgo Estatuak Gazako zerrendaren zein Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utzi ditzan, okupazioa amaitu dezan, apartheid sistema eraitsi dezan, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea berma dezan presio neurri gisa baizik.
11. Europako Batasunari, Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko eragileei Israeli laguntza humanitarioari sarbidea emateko mugak berehala zabal ditzan exijitzeko eskatuko die Errenteriako Udalak.
12. Errenteriako Udalak Palestinako bandera balkoi nagusian jartzeko konpromisoa hartzen du, Palestinako herriarekiko elkartasun keinu gisa.