Eskubidez betea izango den zaintza helburu
Instituzioek adinekoei eskaintzen dieten zaintza eredua eztabaidagai bihurtu da azken urte luzeetan. Horren gaineko hausnarketa kolektiboa eskatzen dutenak gero eta gehiago dira.
Zaintzea, zaindua izatea. Pertsona gehien-gehientsuenei egokituko zaie bi horiek egin edo jaso behar izatea bizi ibilbidearen uneren batean. Bizitzaren azken geltokira gerturatzean, adinagatik, gaixotasunagatik, edo gainbeheragatik izan, prozesua duina izatea garrantzitsua da; pertsona, bere izaera, ekiteko grina erdigunean jarri eta bermatzea, ezinbestekoa. Hala aldarrikatzen du Mirenek [asmatutako izena da]. Adinekoen egoitza batean du senide bat Mirenek, eta instituzioek herritarren eskura jartzen duten zaintza aukeraren gaineko «urgentziazko» hausnarketa eskatu du; horretarako nekaezin ari da lanean azken urtebete luzean. «Helburua hausnarketa eta kontzientzia sortzea da, bai instituzioetan, baita herritarren artean ere. Uste dugu zaintza sistema hori dela, ezagutzen duguna, ez dagoela beste aukerarik eta protesta egin dezakegula, baina indarrean den zaintza sistema hori aldatu ezinekoa dela».
Horren aurrean «gogoeta kreatibo eta positiboa» aldarrikatu du: «Izan ere, gure burua zaintzeko gai ez garelako instituziora jo behar dugunean, duintasunez zainduak izateko eskubidea dugu, nola zainduak izan nahi dugun erabakitzeko. Autonomiarik ez denean, ezta ekonomiarik ere, eta zaintza behar duzunean beste biderik ez dagoelako. Kexu bazara hau dela dagoena erantzuten dizute, eta gustuko ez baduzu ospa egiteko. Nora zoaz, baina? Zaintza bermatu ezin daitekeen espazio batera, zaintza bermatu ezin dizun pertsona batekin?».
Baldintza horietan adinekoari egokitzea baino ez zaiola gelditzen azaldu du. «Ez bazara onean egokitzen, modu autoritarioan egiten dute, medikazioaren bidez».
Unibertso zabala hartu behar luke bere barruan zaintzak. «Ez da behar materialak asetzera mugatzen, harago doaz pertsona batek dituen beharrak. Jaten ematen dizugu, garbitu, arropa garbitu, baina ezinbesteko beste beharrak ere badira, horiek bezalaxe oinarrizko eta pertsonarekiko errespetuarekin estu lotuta daudenak, norberaren izaerarekin zerikusia dutenak». Garbi dio: «Instituzionalizatuta izateagatik, ez duzu zertan alde batera utzi zure izaera, ez duzu zertan zarenaz erantzi eta agintzen dizutenarekin bat egin». Esaldi bakarrera ekarri du bere iritzia, biribil adierazteko: «Egia da artzain bakarrak talde handia zaintzen duela, denak leku berean badira».
«Posible da beste zaintza eredu bat sustatzea, Europan badira esperientziak»
«Esaten dizute medikazioa beharrezkoa dela, elkarbizitza kaltetzen duzulako»
Miren
Erabiltzaile baten senidea
Alta, aniztasunak behar lukeela apustua dio. Adinekoen erresidentzietan lanean ari direnen trebatzea, haien lana modu justuan ordaintzea, egiten duten lanaren aitortza, ratio egokiak ezartzea… «Horrek guztiak egokia behar du aniztasun horrek lekua izan dezan». Nabarmen jarri du ez dela ari bakoitzak nahi duena egiteaz. «Aniztasunak kolektiboa aberasten du, eta berebiziko garrantzia du bizitzaren azken etapan, mundu honetatik alde egin dezagun gu izateko eskubidea bermatuta, bizitzari ekarpena egiten jarraitzeko aukera aitortuta. Izan ere, adinekoek beren ezagutza, esperientzia ikaragarria aporta dezakete, jaso beharko genukeen gauza ugari».
Komunitatean integratu
Zaintza lehen lerroan dagoen honetan, «moduen gainean» hausnartzea eskatzen ari da Miren, «gogoeta hori egitea, nola zaintzen dugun, zein zaintza eredua dugun eta nola hobetu aurretik aipatutako irizpide horiek denak aintzat hartuta». Zaintzeko era bezain garrantzitsua da ere lekua, Mirenen esanetan: «Nola eta non. Gaur egun erresidentzia erraldoiak egiten ari dira, herriguneetatik aparte, integratuak egin beharrean. Komunitatean integratuak direnean, mantentzen duzu zure ingurunea, zure harremanak, norbait zara. Horrek berebiziko garrantzia du, bisita zaitzaten esperoan den pertsona izan ordez, interakzio soziala duen pertsona zarelako».
Itxaropena hitza erabili du. Sinistuta dago zaintza beste modu batean egin daitekeela, duintasunaren eskutik joan dadin uneoro: «Posible da beste zaintza eredu bat sustatzea, Europan badira esperientziak. Beste zaintza eredu baten alde egiten dute herrialde askotan, erresidentziak txikiago eta integratuak dira, eta beste alternatiba batzuk eskaintzen dituzte. Inork bere etxean egon nahi badu, egun daudenak baino laguntza gehiago jasotzea beste bide bat litzateke hori bideragarri bihurtzeko. Gaur-gaurkoz instituzioek ematen duten laguntza ez da nahikoa aukera hori bermatzeko».
Medikazioaren gaiari tarte berezia eskaini nahi izan dio, hobe esanda «gehiegizko» medikazioari. «Europan asko zaintzen dute gai hori, gehiegizko medikazioa ematea tratu txar bat delako, finean. Hemen esaten dizute medikazioa beharrezkoa dela elkarbizitza kaltetzen duzulako. Euste kimikoa baliatzen dute, eta medikazio baten ondorioz egoiliar baten osasun egoerak okerrera egiten badu, bere prozesuaren parte dela erantzuten dizute, zahartze edo gainbehera prozesuaren ondorio. Nola frogatu, baina, ez dela horrela, eta gehiegizko medikazioak eragin duela okertze hori? Ezinezkoa da. Oso gai delikatua da, eta ikertu eta horren gainean gogoeta egitea eskatzen dut urgentziaz. Pertsona baten izaeraren printzatze jarrai eta sistematikoaren lekuko izaten ari naiz».
Instituzioak egun eskaintzen duen zaintzagatik ordaindu beharreko prezioa ikaragarria da Mirenen esanetan, «garestia oso, zaren horren deuseztapena». Eskaera bera behin eta berriz emakume honek egiten duena: «Hausnarketa. Aniztasuna aberastasuna da gizartearentzat, eta ez da aintzat hartzen». Ez dela diru kontua, lehentasun kontua baino, argi dio. «Gauza askotan gastatu daiteke dirua. Menpekotasuna duen pertsona batek behar materialetatik harago doazen bestelako beharrak ditu: maitasuna, entzutea, aitortza, aniztasunari leku ematea».
Eskaera zehatza egin du: zaintza eredu ezberdinak jarri behar ditu instituzioak mahai gainean. «Bizitzaren agurra da etapa hori adinekoentzat, haurrentzat bizitzari harrera den moduan jaiotza. Haiek etorkizuna eta dohainak dira; adinekoak, berriz, esperientzia. Eta batzuk eta besteak uniformatzen ditugu; errazagoa da horrela manejatzea, baita pobretzaileagoa, kastranteagoa, anulatzaileagoa eta ez hain duina».
Zaintzak ezin du negozioa izan
Pandemiaren ondotik indarra hartu duen beste premisa ere bere egin du Mirenek, ezinbestekoa zaintza duina erdiesteko bidean, «zaintzak zerbitzua behar du izan, ez negozio». Hortik urrun dago, tamalez, oraindik. Bizitzaren eta aurrerapen sozialen alde inbertitzera deitu ditu instituzioak, «pertsonak erdi-erdian jarrita. Diru ikaragarri pila eskatzen duten sekulako instalazioak, obra faraonikoak egin beharrean, ratioetan, formazioan, beste zaintza eredu batean inbertitu beharra dago».
Bizi amaierarako bidea duin, eskubide betekoa, behar material zein emozionalak bermatuko dituen zaintzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoari eutsi dio Mirenek. «Pertsona eta bere behar guztiak, bere izaera eta duintasuna erdi-erdian jarriko dituen zaintza ereduaren aldeko bidea ez dut utziko».