Neguko ikastaroak antolatu ditu Hibaikak
11 urtetik gorakoei begirakoak dira ikastaroak, eta 2024ko urtarrilaren 2tik 5era egingo ditu arraun elkarteak.
Neguko ikastaroa antolatu du Hibaikak. Harrobia ezinbestekoa dute kirol eta kultur elkarteek. Horren jakitun dira Hibaikan, eta beraienari bultzadatxo bat eman asmoz, ikastaroak antolatu dituzte neguan. Hainbatetan antolatzen ditu urtean zehar halakoak, Hibaika Arraun elkarteak arraunari hauspoa eman eta haur eta gazteei kirol ezberdin bat egiteko aukera eskaini asmoz.
Hala, 2024ko urtarrilari begira jarri dira eta ikastaroak antolatu. Hartzaileak, 11 urtetik gorako gaztetxoak. Ikastaroaren egunak, berriz, urtarrilaren 2, 3, 4, eta 5, 09:00etatik 12:00etara. Hiru ordukoa saioak izango dituzte eguneko. Prezioa: 50 euro.
Arraunean ikasi nahi dutenek izena eman behar dute ikastaroan parte hartzeko. Horretarako egin klik hemen.
Ikastaroa amaitu eta gutxira hasiko da Gipuzkoako Batel Txapelketa, urtarrilaren 13an zehazki. Zarautzek antolatuko du lehen estropada txapelketaren barruan, eta Orion jokatuko da. Oarsoaldeko herrietako batelak bertan ariko dira.
