Eskolatik lan mundurako bidean da euskara
Pasaiako II. Plan Estrategikoan jasotako erronkak herriko eragileekin elkarlanean gauzatzen ari da udala. Lan munduan euskararen alde eragiteko, zortzi enpresarekin ari dira elkarlanean.
«Duela urte batzuk euskalgintzak mahai gainean jarri zigun erronka honakoa da: lan mundua euskalduntzeko beharra dugu». Hitzok hartu zituen ahotan Teo Alberro Pasaiako alkateak Lan mundua eta euskara izenez aurkeztu duten elkargunearen azken bilkurako hitzartzean.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak udalei euskara normalizazioan aitzindari izateko eskumena eta erantzukizuna aitortzen die. Araudi berriak hizkuntza politikaren eskumen eta betebehar zehatzak esleitzen dizkie udalei lehen aldiz: politika publikoa zuzentzea, euskararen erabilera ziurtatzea udalaren zereginetan eta udalerriko bizitza sozialaren esparru guztietan. Euskararen oldarraldi betean, sekula baino funtsezkoagoa den araua.
Pasaiako Udalaren funtzionamenduari dagokionez, datorren martxorako VI. erabilera plana onartu behar du gobernuak, eta alkateak ziurtatu du lau urteko erronken helburua «euskara udal barneko lan hizkuntza bihurtzea» izango dela. Horrekin batera, Pasaiako II. Plan Estrategikoan jasotako erronkak lankidetzan garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Alberrok. Horretarako sortuta dauden lan-mahaietako bat da, hain zuzen ere, Lan mundua eta euskara izenekoa.
Elkargune horrek Euskararen II. Plan Estrategikoan jaso ziren lan-lerroak landuko ditu: batetik, enpresek euskara euren ohiko kudeaketan txertatzeko konpromisoa hartzea. Bestetik, enpresei baliabideak ematea euskara bermatzeko, eta udalak horretan proaktibo jokatzea. Eta azkenik, lan munduan euskararen alde egiten dena edo egingo dena ezagutaraztea eta agerian jartzea.
Zortzi enpresa
Dinamika horrekin bat egin duten Pasaiako enpresak zortzi dira: Estiba Pasaia, Sobrinos de Camara, Estibadora Algeposa, Toro y Betolaza, Pasajes garraio kooperatiba, SGS eta Kotazero. Elhuyar Fundazioa enpresa horietan euskararen egoeraren diagnosia egiten ari da asteotan. Azterketa hori oinarri, talde bakoitzak bere helburu eta ekintza plan espezifikoak diseinatuko ditu.
Urtean bitan elkartuko da elkargunea. Hurrengo bilera otsailean izango dute, eta bertan bi gai jorratzea da asmoa: euskara planen jarraipena egiteko enpresetako ordezkariek sortuko duten euskara batzordea nork osatuko duen eta zein dinamika izango duen zehaztea, eta euskara planak gauzatzeko beharko dituzten baliabideen finantzaketa. Udalaren diru laguntza lerroa aztertuko dute.
Jarraian, mahaian parte hartzen ari den kideetako baten testigantza irakur daiteke.
Amaia Dorronsoro. Lan mundua eta euskara.
«Komunitateak eskatzen du euskarari tokia aitortzea alor formalean»
Sobrinos de Manuel Camarako zuzendaria eta Estiba Pasaiako kontseiluko lehendakaria da Dorronsoro. Portu eremuan euskara «uste baino gehiago» erabiltzen dela esan du, baina ahalegina egin behar da esparru formalean hori betikotzeko.
Euskara eta lan mundua. Nola sortu zen elkargune hori?
Pasaiako Udaletik gurekin harremanetan jarri ziren lan munduan eta, nire kasuan, portuan, euskarari bultzada eman nahi ziotelako. Merkataritza edo hezkuntza bezalako alorretan lan gehiago eginda zegoen, baina lan munduaren atal hau jorratzeke zegoen.
Portua Pasaiako lan alorrean pisu handia duen azpiegitura da. Udala gurekin harremanetan jarri zen, eta bilera bat egin genuen Euskara Sailak eta portuko enpresa bakoitzeko ordezkari banak.
Zer proposatu zizueten?
Udaletik beti galdetu digute ea guk zer-nola ikusten genuen euskararen egoera gure eguneroko lanean, eta zein uste genuen izan zitekeela modurik egokiena hau aurrera eramateko.
Guk hausnarketa hori egin dugu portu barruan, eta kontua da eragiteko oso inguru berezia dela gurea: enpresa asko gaude, baina oso txikiak. Alegia, denen artean asko gara, baina gero oso atomizatuta gaude. Hortaz, pentsatu genuen ongi egongo litzatekeela zerbait pragmatiko eta errealista egitea, eta jendea prest baldin badago eta barrutik interesa baldin badago, euskara batzorde komun bat osatzea. Otu zitzaigun hori dinamizatzeko modu egokia Estiba Pasaiatik izan zitekeela, portuko zamaketa enpresa guztiak garelako horren bazkide.
Euskararen errealitatea ezberdina da enpresa batetik bestera. Horien diagnosiak egiten ari da Elhuyar.
Lehenengo pauso bezala diagnostikoa egitea funtsezkoa da, banan-banan enpresa bakoitzaren egoera zein den ikusteko; batzuetan egin dute jada. Ondorio batzuk aterako dira bertatik, eta garrantzitsua eta interesgarria izango da bertatik zer irteten den ikustea.
Azken batean, portua Pasaian dago, baina munduarekin dago lotuta aldi berean. Nik uste hemen, gure lan mundu honetan, ingelesa edo gaztelania edonork menperatzen duela komunikazio formalerako, idatzizkoan, bezeroekin eta abar, baina eguneroko bizitzan egia da euskara asko erabiltzen dela Gipuzkoako portuetan, baina era askoz informalagoan.
Ikusiko dugu Elhuyarren diagnostikoan zer ateratzen den, eta nola egin ahalko diogun aurre horri. Pentsatzen dut ez garela egoera hori duten enpresa bakarrak izango, eta ikusi beharko da hortik zein dinamika sor daitezkeen.
Zein da euskararen egoera portuan?
Orokorrean, oso ezezaguna da portua bertan lan egiten ez duten pasaitarrentzat. Jendeak sorpresa hartzen du, uste baino gehiago erabiltzen delako euskara eguneroko harreman eta elkarrizketetan. Eta uste dut gaur egun gehiago gertatzen ari dela hori, geroz eta jende gazte gehiago dagoelako, eta jende horrek euskara ezagutzen du. Tira, beste gauza bat da ea egunerokoan erabiltzen ote duten, baina nik uste eguneroko harreman horietan asko erabiltzen dela euskara.
Zergatik da garrantzitsua, portua bezalako azpiegitura batean, euskarari tokia aitortzea komunikazio formalean?
Bertako komunitateak eskatzen duelako. Bertako langileek, baina ez bakarrik langileek edo gizarteak, instituzioek edo legeak berak ere eskatzen dute. Alde guztietatik dago behar hori; ez da bakarik norbaiti gustatzen zaiolako, mutur-muturrera eramanda, legeak ere hala eskatzen du.