Puntuek ihes egin dute Pasaiatik
Partida ona jokatu bazuten ere, Pasaiak 0-1 galdu zuen azken minutuetan sailkapenaren bigarren postuan den Beasainen aurka. Pasaitarrak bolada txarra eten ezinik dabiltza.
Argazkia: Pasaia KE. Pasaiak daraman bolada txarra eten nahi zuen larunbatean Beasainen aurka, baina ez zen posible izan, eta puntuek ihes egin zuten Jesus Mari Zamoratik (0-1). Arerioa ez zen makala, beasaindarrak sailkepeneko bigarren postuan baitira, eta pasaitarrak ez bezala, bolada onean daude.
Lehen zatian Pasaia nagusi izan zen berdegunean, baina Koldo Ferrerek eta Javier Soroetak ez zuten asmatu Beasainen atearen aurrean. Aurkariak ez zeuden eroso zelaian, Pasaiak lehen zati ona jokatu baitzuen.
Atsedenalditik bueltan, Beasain bultzatzen hasi zen, baina Pasaia berdinketa mantentzeko gai izan zen defentsako lan onari esker. Partida bukatzear zela, baina, Ander de la Parrak neurketako gol bakarra lortu zuen 80. minutuan, garaipena ziurtatu eta puntuak etxera eramateko.
Pasaiak lau porrot daramatza jarraian, eta jaitsiera postuetan jarraitzen dute, zortzi punturekin. Zuri-gorriek Gasteizen jokatuko dute ligako hurrengo partida, San Ignacio taldearen aurka.
