Zaintzaren sokari lotutakoak
Duintasuna jubilatuen elkarteak bat egin du hilaren 30eko greba feminista orokorrarekin. Elkarteko Karmele Santos eta Maria Lopez atzera begira jarri dira, emakume gehientsuenen antzera, zaintzak markatu duen bizi ibilbideaz mintzatu, eta bizi duinak aldarrikatzeko.
Duintasuna jubilatuen elkarteko kideak dira Karmele Santos Eizagirre eta Maria Gutierrez Lopez. Enpresa zientziak ikasi zituen Gutierrezek, erizain laguntzaile ikasketak ere egin zituen, eta masterra ere badu. Administrazioan lan egin du eta 61 urterekin aurrejubilatu zen. Adinekoen egoitzetan ere aritu da lanean. Gertutik ezagutu du zaintza hark, etxean zein arlo profesionalean.
Bokazioa, lan guztietan bezalaxe, gakoa da Gutierrezen ustez zaintza lanetan ere, «egokia izan dadin». Harago jo du, eta adinekoen zaintzan gabezia handiak dauden zalantzarik ez du, «abandonoa» dagoela esan du. «Erizain laguntzaile lana utzi nuen ez nuelako lo egiterik gauetan ikusten nituenekin. Gaur egun ere gabezia handia dago. Zaintzarena oso lan gogorra da, batez ere, alzheimerra duten pertsonena ikaragarria da». Gurasoen zaintza ere hartu zuen beregain.
Karmele Santosek ezkondu aurretik etxetik kanpo egin zuen lan Pasaiako txapel fabrikan lehenik, eta Errenteria-Oreretako Niessenen ondoren. «Ezkontzen ginenean kalera bidaltzen gintuzten diru bat emanda, nahiz eta lanean jarraitu nahi izan. Itzultzen saiatu nintzen, baina ez zen modurik izan. Nik ez dut ikasketarik, 14 urtera arte baino ez nintzen eskolara joan, eta eskola frankista zen. Zegaman bizi nintzen amaren izeba batekin, eta euskaraz baino ez nekien. Kolpeak baino ez genituen jasotzen euskaraz egiteagatik».
Aitak asko markatu zuela dio, «eskuineko gizon, frankista, matxista eta inpresentablea zen». Oso gazte ezkondu zen «libratzeko»; ez du kexurik, «ezkondu ginenetik eboluzionatu egin dugu bikoteak eta biok elkarrekin». Emakumeen eskubideen alde lerratu eta horretan jarri ditu bere indarrak, baita gaur egun ere. Zaintzaren inguruan urteak egin zituen Errenteriako Emakumeen Taldean: «Abortatzera asko eraman ditut, astero joaten ginen praktikoki, gertu-gertutik bizi izan ditut egoera horiek, eta ahal bezain beste babestu ditut. Emakumeen alde ariko naiz beti, osasunak laguntzen didan bitartean. Nire bizitzaren motorretako bat hori da, emakumeen eskubideen aldeko lana, benetako miseriak ezagutu ditudalako, nire etxetik hasita».
Hautatua ez den bakardadea
Etxean amonaren zaintza «sakratua» zela du gogoan Gutierrezek, eta horren bestaldean egun adineko askok bizi duten bakardadea jarri du. «Seme ugari dituzten bikote heldu asko dago, bisitarik ere jasotzen ez dutenak. Abandonatuta dagoen adineko ugari dago. Inguruko batzuk laguntzen saiatzen gara senarra eta biok, ez dutelako laguntzarik eskatu nahi, nahiz eta seme-alabak izan. Hautatua ez den bakardadearena ikaragarria da inguruan, halako hamaika kasu daude».
«Nire bizitzaren motorretako bat emakumeen eskubideen aldeko lana da»
Karmele Santos
Duintasunako kidea
«Ezinbestekoa da elkartasuna, kalera ateratzea zerbait lortuko badugu»
Maria Gutierrez
Duintasunako kidea
Biak izan dira zaintzaile: seme-alabak, gurasoak, bilobak. Zaintzaile izan dira eta dira oraindik, baina eurak ere zainduta sentitzen direla diote. «Semeak eta senarrak oso zainduta naute. 11 urteko bilobek ere zaintzen naute, ematen duten maitasuna, erakusten duten kezka da zaintzarik egokiena», dio Gutierrezek. Bat dator Santos ere, eta arrakala digitalean jarri du begirada: «Arazoa dugu Internetekin, ez gara batere konpontzen. Alaba arduratzen da mediku bisitez eta berak eta suhiak eramaten gaituzte batera eta bestera». Zainduta eta maitatuta sentitzen dira biak, «oso garrantzitsua da hori». Bat datoz: «Oraindik ere azkena naiz, zerbait erosi edo behar bada, besteak beti aurretik. Hain barneratuta dugu zaintzarena».
Santosek dio bera asko zaintzen dela eta ekintzak ez dituela uzten, «kantu jiran, irakurketan, halakoetan aritzen naiz eta ez ditut uzten… Zaindu egiten naiz, ahalik eta lan gutxiena emateko».
Izan ere, hori ere bada kezka iturri. Adinean aurrera egin ahala, lana ez ematea lehentasun bihurtzen da asko-askorentzat. Gaur egun zaintza egokiagoa bada ere, oraindik orain, asko falta den zalantzarik ez du Santosek: «Batzuetan asko kostatzen da zaintzea, bada jendea ez duena onartzen laguntza behar duenik. Ziurrenik lotuta dago beti zaintzaile papera guri egotzi izanarekin».
Gutierrezek eta senarrak badute bizilagunekin «akordio» bat: «Oso helduak diren bizilagunak ditugu inguruan, eta gaixotzen direnean balkoian zapi txuri bat zintzilikatzeko eskatzen diegu. Hori ikusten badugu badakigu laguntza behar dutela, ez daudela ongi. Zaila bazaie seme-alabei laguntza eskatzea, pentsa bizilagunei eskatzea zer suposatzen dien. Zapiarekin lortu dugu».
Lanik eman nahi ez
Etorkizunari begira, Gutierrezek ez du lana eman nahi, baina argi esan omen die seme-alabei ez lukeela erresidentzia batera joan nahi. «Nik ez dut nahi, aritu naiz bertan lanean. Ez dut esango tratu txarra, baina bai ez dela beharrezko artapena egiten, ez direla adineko pertsonek dituzten beharrak asetzen. Gazteetan gizarte segurantzarentzat zenbakia bagara, erresidentzietan hutsaren hurrena gara. Erortzen bazara, ohean lotzea… hori ikaragarria da, edota egun osoa fardela berarekin ematea, bustita. Ez dute baliabide nahikorik artapen egokia egiteko, ez dute denbora nahikoa pertsona bakoitzari beharko lukeen arreta eskaintzeko».
Eredua «irauli» beharra aipatu du Santosek. «Egungoa ez da egokia. Badaude beste ereduak. Nik ez dakit zer egingo dudan egoera iristen bada. Guk zaindu genuen ama, baina aitortu behar dut itota amaitu genuela. Niri gertatzen zaidanean ez dakit zer egingo dudan, nik ez diot lanik eman nahi alabari…».
Duintasunak bat egin du greba feminista orokorrarekin, «ezinbestekoa da elkartasuna, kalera ateratzea gure aldarrikapenak egitera zerbait lortuko badugu». Borrokak fruituak ematen dituela argi baitute: «Beraungo anbulatorioaren zerbitzuan lortu genituen hobekuntzak. Orain Iztietako anbulatorioaren gaia dugu mahai gainean… Herriaren parte gara, emakumeak gara, feministak, eta bertan izan behar dugu». Bien esanetan «ikaragarria» da emakumeek duten zama: «Haurrak gaixotzen badira eguna zuk eskatu behar, medikutara eraman, soldata baxuagoak kobratu, esaten dugunari entzungor egin, eta gainera, batzuetan, errudun sentitzen gara».
Entzute aktiboa eta aitortza
Entzute aktiboa lehen lerroan jarri du Gutierrezek. Aitortza aipatu du eta bertan jarri du indarra Santosek, ezinbestekoa da harentzat garai bateko emakumeen lana aitortzea: «Atzean gelditu diren emakumeei, lan handia egiteagatik ere zentimo bakarra kobratu ez dutenei, Pasaiako portuan antxoarekin aritutako dozenaka emakumeei kotizatu gabe… Aitortza gure amei, gure amonei, lan ikaragarria eginda ez dutenak sekula kotizatu, eta ez zaiena aitortu baliorik. Ezinbestekoa da hori errekonozitzea, haiek oroitzea… Nekazariak, saregileak, emakumeen ofizio asko-askotan kotizatu gabe eta hutsaren hurrena kobratuta aritu direnak. Gogoan hartu behar ditugu, horietaz ere hitz egin behar dugu, eta aldarrikatu langileak izan direlako. Prostituzioan aritzen diren emakumeak ere erreibindikatu behar ditugu».