Musikarekin hasiko dira Lezoko Euskararen Eguneko ospakizunak
Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek kontzertua emango dute etzi eskolaren atarian. Larunbatean eta igandean ere badira jarduerak.

Etzitik (ostirala) igandera arte, Euskararen Eguna behar bezala ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte herrian. Herriko hainbat eragileren eta udalaren elkarlanari esker asteburu osoko egitaraua landu dute. Egunik indartsuena Euskararen Egunarena (igandea da) izango bada ere, aurretik badira jarduera gehiago.
Hala, etzi, 17:30ean hasita, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek kontzertua emango dute eskolaren kanpoaldean. Talde koraleko ikasleak, musika eskolako banda eta trikitixako ikasleak batuko dira emanaldirako. Ostiralean bertan, 19:00etan.
Etzi ere, ekitaldi berezia: Patri Urkizuk Patri Urkizu. Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak lana aurkeztuko du, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Herritar orori dago zabalik aurkezpena, hark egindakoa lezoarrei azaldu nahi baitie.
Hurrengo egunean, abenduaren 2an (larunbata), zinemarako tartea Gezala Auditoriumean haurrentzat Izurde mutikoa lanarekin (17:00) eta 16 urtetik gorakoentzat Irati filmarekin (19:00)
Abenduaren 3, Euskararen Eguna
Sinbolikotik asko, baina praktikotik beste asko izango duen jarduera egingo dute igandeko Euskararen Egunean. Euskararen haziak ereiten ibilbide gidatua egingo dute hala nahi duten guztiek. 09:00etan geldituko dira Gurutze Santuaren plazan, Jaizkibel aldera joateko. Hango ameztiak ezagutuko dituzte, eta haziak ere ereingo dituzte partaideek. Haziak bertako basoa berreskuratzeko, eta haziak euskararen berreskuratzearen eta indartzearen basoa egiteko. Jarduera horretarako aurrez izena eman behar da: zerrenda Orki tabernan dago, baina posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena.
Jaizkibeldik herrira jaitsiko dira partaideak. 14:00etan, Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian norberak eramandakoarekin bazkarira bilduko dira. Ondoren, 15:00etatik aurrera, jolasak eta tailerrak izango dira. 16:30ean, berriz, martxarako tartea Txirbilla Sound Systemekin.
Ekintza guztiak elkarlanean antolatu dituzte Tomas Garbizu Musika Eskolak, Errota Lezoko Guraso Taldeak, Hezikuntza Guraso Elkarteak, Xoxolur Mendi Klubak, Amezti Baso Biziak Jaizkibel taldeak, Txirbilla Aisialdi Taldeak, eta Lezoko Zinema Tikiak, Lezoko Udalaren laguntzaren aterkipean.