[Bideoa eta Argazkiak] Hasiera baino ez da
Dozenaka eta dozenaka lagunek hartu dute parte atzoko greba feminista orokorrean. Zaintza sistema publiko komunitarioa ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.

Atzokoa ez zen izan helmuga, abiapuntua baino. Helburua bete duten zalantzarik ez da, mugimendu feministak zaintza sistema publiko komunitarioa egi bihurtzea atzeraezineko kontua dela jarri zuen erdi-erdian atzokoan, erdi-erdian jarri zituen moduan, egunerokoan ikusezin diren zaintzako langileen errealitateak. Ozen eta argi esan dute: hasiera baino ez da hau, zaintzen gaineko borroka irabaztera doaz eta atzerako bueltarik ez du.
Dozenaka eta dozenaka herritarrek egin zuten bat atzo greba feminista orokorrarekin eta zainduak izateko eskubide unibertsalaren aldeko aldarria josi zuten aterkipean—euriak ere ez zuen-eta kale egin—hamaika aurpegi dituen gaiaren erpin denak barne hartuta.
Goizean goiz abiatu ziren pikete informatiboak industria guneetara grebaren zioak azaldu eta jendea protestara batu zedin. Ondoren, zaintzarekin estu lotuta dauden adinekoen egoitzetan, Iztietako anbulatorioan, eta adinekoen eguneko zentroaren aurrean elkarretaratzeak egin zituzten. Goizeko manifestazioa Beraungo anbulatoriotik abiatu zuten 12:00etan. Kalitatezkoa eta duina den osasun sistema publikoa ezinbestekoa dela ere aldarrikatu zutelako grebaren barruan. Herriko kaleak zeharkatuta Agirre Lehendakariaren plazan bukatu zen eguneko lehenengo protesta handia.
Bidean, bost hilabete luze greban daramaten Correoseko garbiketako langileen aldarria, edota Zirika Neska Gazteen taldeak Herriko Plazan antolatutako performancea.
Arratsaldez, berriz, grebarekin bat egitea ezinezkoa duten etxeko langile migranteekin elkartasun kafea egin zuten Madalena kaleko Joxepa Antoni Aranberri anitzenean.
Eguneko hitzordurik jendetsuena, arratsaldeko manifestazioa izan zen. Dozenaka eta dozenaka lagun bildu ziren; eguerdikoa baino handiagoa izan zen azken hori, eskualdekoa baitzen deialdia, eta bat egin zutelako bertan Lezo, Pasaia eta Oiartzundik Errenteria-Oreretara bertaratutako herritarrek.
Arratsaldean gehiago izan ziren ere protestarekin bat egin zuten saltokiek; goiz partean zirenak baino gehiago izan ziren pertsianak eta ateak itxita zituztenak. Ostalaritzari erreparatuta, Erdialdean behintzat, taberna asko-askok egin zuten bat greba deialdiarekin.
Arratsaldeko manifestazioaren bukaera ekitaldia, eguerdikoarena bezalaxe, Agirre Lehendakariaren plaza. Lino. Ziurrenik ez zen ausazkoa izan aukera. Lihoa lantzen zuen Lino Fabrika handia izan zen bertan; Errenteria-Oreretaren iragan industrialeko lantegirik handiena; bertan aritu ziren langile gehienak, emakumeak izan ziren.
Haiei, ordaindu gabeko zaintza hamarkada luzetan bere gain hartu duten emakumeei, sektore feminizatuetan baldintza kaxkarrenetan lanean ari direnei, etxez etxeko langileei, zaintza lanari baldintza prekarioetan eusten dioten emakume migratu eta arrazializatuei, pentsiorik baxuenak dituzten emakumeei, miseriazko pentsioak jasotzen dituzten alargunei aitortza izan zen atzoko greba eguna. Eta batez ere, zaintza denon ardura eta eskubide dela, norberaren baliabide ekonomikoak direnak direla, zaintza publiko komunitariorako, duin zainduak izan, eta duin zaintzeko eskubidea eta ardura aldarrikatzeko. Bidea hasi baino ez da egin.
Hemen Klik eginda Oreretako Mugimendu Feministak atzo sareetan partekatutako argazki eta bideoetako batzuk. Beste hauek, berriz, Zirika Neska Gazte taldeak partekatu zituenak.
Ondoko galeriara bildutako argazkiak, berriz, hainbat bideetatik HITZAra heldutakoak dira.




































