Nerea Loiolak liburuak sinatuko ditu larunbatean
Urrats paperdendak Txerri Eguneko azokan jarriko duen mahaian sinatuko ditu liburuak, datorren larunbatean.
Nerea Loiola Pikaza idazlea (Deba, 1985) Urrats paperdendak Txerri Egunean jarriko duen erakusmahaian izango da datorren larunbatean, hilak 16.
Urratsek bertara Loiolaren libururen bat eramatera animatu ditu oiartzuarrak; bestela, han bertan eskuragarri izango direla adierazi dute.
Haur eta gazteentzako lau liburu idatzi ditu Loiolak; berriena da Azken denbora 10 eta 14 urte arteko gazteentzako liburua, Ereinekin aurten atera duela.
Helduentzako ipuin-liburu bat argitaratu du, argitaletxe berberarekin: Epizentroa. Zazpi ipuinez osatutako narrazio bilduma da. Gai ugari ukitzen ditu: maitasuna, desioa, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza, nahiak-ardurak-ezinak…
