Lezoko Azokan haurrei minbiziaz hitz egiteko ipuina salgai
Bihar hasiko da Lezoko Azoka, eta hilaren 22an amaitu. Bertan, 'Pimu ausarta' ipuina egongo da, haurrei minbizia azalduko dien ipuina.
ASGICER Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkarte bat da. Kimetz deituriko haur batek garatutako ideiatik istorio bat sortu dute. Istorio honi forma eman, eta Kimetzen amak, Nagore Taboadak ipuin bilakatu du, Isabel Sebastian ilustratzailearen laguntzarekin. Ipuinak Pimu ausarta du izena, eta Lezon bihar hasiko den Euskal Liburu eta Disko Azokan eskuragarri izango da 10 euroren truke. Liburua elebitan dago, baina azokan euskaraz bakarrik egongo da. Liburuaren salmentekin lortzen dituzten irabazi guztiak minbiziaren ikerketara bideratuko dituzte. Haurrei minbiziaz hitz egiteko euskarria da.
Ipuinaren aurkezpena gaur (osteguna) izan da, udatetxeko pleno aretoan. Bertan, Mikel Arruti Lezoko alkatearekin batera, ASGICEReko kideak: Sandra Martinez, elkarteko psikologoa; Loli Pastoriza, lehendakaria; Nagore Taboada, Pimu ausarta-ren egilea; eta Isabel Sebastian ilustratzailea.
Nagore Taboadak, ipuinaren egileak, adierazi du bere semearen ideiatik jaio dela liburua. “Kimetzek istorio laburren lehiaketa batean parte hartu zuen, eta istorio hau kontatu zuen. Tamalez ez zuen irabazi, baina guk egi bihurtu dugu”. Gainera, azaldu du ipuina Kimetzek idatzitakoarekin amaitzen dela: “Haurrak bere ama munstrotik salbatuko du”. Ipuina mundu guztiarentzat bideratu nahi izan dute. Haien ustez arazo bati erantzuten dio, minbiziaz eta espezialisten lanaz hitz egiten da, eta hori partekatzea beharrezkoa dela iruditu zaie.
Isabel Sebastian ipuinaren ilustratzailearentzat, ez da lan erraza izan marrazkiek haur kutsu eta deskriptiboa izatea. “Oso zaila da infantila eta deskriptiboa egitea, komikoa egin gabe”. Ilustratutako argazki bat dago, azalean dioana, bere iloba eta ama oinarrian dituena. “Liburu honek nire etxean ere balio izan du, nire alabari amonaren minbizia kontatzeko”.
Elkarteko psikologo Sandra Martinezentzat, ipuinak hitzetan aplikatutako errealitate korapilatsua azaltzen du. “Elkartetik oso pozik gaude ideia honekin, eta proiektu berezi honetan lagundu ahal izatearekin”. Asoziazioko lehendakari Loli Pastoriza ere asebete azaldu da argitalpenarekin. Gainera, alkateari eskerrak eman nahi izan dizkio, lehendabizikoz udal batek ikusgarritasuna eman diolako beren proiektuari. Lezok beti zabaldu omen dizkie ateak, eta, elkartean lezoar boluntarioak dituztela azaldu du. Mezua zabaldu nahi izan du: “Minbizian arakatu behar da, hemen denok garelako garrantzitsuak”.
Alkateak horrelako ipuin bati ikusgarritasuna ematea beharrezko dela aipatu du, bereziki etxeko txikienei minbizia zer den azaltzeko. “Ez da erraza haur bati minbizia azaltzea, nola egin daiteke hori?”. Udaletik ahal duten neurrian aletxoa jarri dutela adierazi du, eta ipuinaren pasarte bat irakurtzen bukatu nahi izan du aurkezpena: “Egoeraren egia ezkutatzea eta baztertzea ez da ona. Gaitzari buruz ez hitz egiteak, gaitzari aurpegia ez emateak, ez du onik ekarri ohi. Are gehiago, zer eragingo du? Maite zaituztenek nekez eramango duten zakutza handi bat eraman behar izatea. Zaku hori, bestalde, sentimendu eta emozioz beterik egongo da”.