Andramariren Eguberrien atariko kontzertua, bihar
18:30ean hasiko da emanaldia, Agustinen komentuan. Aurten, D. Buxtehude konpositorearen hainbat obra eskainiko dituzte.
Urtero legez, Andramari abesbatzak Eguberrien atarietako kontzertua eskainiko du aurten ere. Bihar, larunbata, izango da emanaldia, arratsaldeko 18:30ean. Noela, Eguberri anuntzio izango da kontzertu tradizionalaren izenburua. Agustinen komentuan eskainiko dute emanaldia.
Saioa Goñi sopranoak, Lucia Gomez mezzoak eta Jesus Garcia baritonoak hartuko dute parte bihar, Andoni Sierraren gidaritzapean. Hainbat musikarik ere kontzertuan hartuko dute parte; hala nola, Raquel Salas eta Diego Melero biolinistek, Pablo Linares txelo joleak, edota Alize Mendizabal eta Andoni Sierra berak (organoan). Musikariek Abendualdia Buxtehuderen munduan programa interpretatuko dute. Programan jasotzen diren obra guztiak Dietrich Buxtehude (1637-1707) konpositoreak sortu zituen.
Sarrera doakoa, aforoa bete arte.
