[Erreportajea] Argi berdea euskarazko gidabaimenei
Gidabaimenaren azterketa teorikorako euskaraz ikasi eta hura atera nahi duenak badu aukera. Euskarazko material eguneratua atera dute, eta haren lanketan parte hartu du Oiartzun autoeskolak.
Adin nagusitasuna iristearekin batera hainbat betebehar eta aukera iristen dira, baina baita hainbat eskubide edota aukera ere. Horietako bat da gidabaimena lortzearena. Batzuek plazeragatik, beste batzuek behar dutelako, gazte askorentzako erronka da ibilgailuak gidatzeko karneta eskuratzea. Gaztelaniaz ateratzea da ohikoena, euskarazko materialaren eskasia dela eta. Oraintsu arte. Izan ere, lau gidabaimena ateratzeko aukera izango da: AM, 49 zentimetro kubikoko ziklomotorrentzako; A1 eta A2a, motozikletentzakoa; eta B baimena, autoak gidatzekoa. Datorren ikasturterako gidabaimen profesionalak —autobusak, kamioiak, erremolkedun ibilgailuak eramatekoa…— euskaraz ikastekoak martxan jarriko dira.
Gidabaimena ateratzeko materiala euskaratzearena Igorreko (Bizkaia) Arratia autoeskolan hasi zen. «Hazia horixe izan zen», gogorarazi du Aitziber Etxebeste Oiartzun autoeskolakoak. Orain dela hamarkada eta erdi inguru hasi ziren bide hori urratzen: «Valentziako argitaletxe batek hartu zuen —Eusko Jaurlaritzaren baimenarekin— bultzada emateko lana. 2008-2009an izan zen, eta hasiera hartan izugarrizko harrera izan zuen, nahiz eta autoeskola guztietan ez zen erabili. Material hura erabiltzeko premisa zen autoeskolakoak euskaraz jakin behar zuela». Eduki teorikoa euskaraz zuen materialak ongietorri ona izan zuen, «batez ere», autoeskola eta ingurune euskaldunetan, baina berehala geratu zen «zaharkituta» eta «eguneratu gabe», Etxebesteren arabera. «Arlo bizi bat da gurea: arauak berritzen dira, galdera berriak sortzen dira… Huraxe izan zen proiektu hari falta zitzaiona», zehaztu du.
Gaiari berriro heltzeko asmoz, pandemia hasi aurretik hainbat bilera egin zituzten. Alde batean, Eusko Jaurlaritza; bestean, Euskadiko Autoeskolen Federazioa: indarrak batu, eta lantalde bat sortu zuten, material berri eta berritua argitaratzeko asmoarekin. Etxebestek azaldu duenez, eurek zuzenketa teknikoak egiteko ardura izan dute. Itzulpena UZEIk egin du eta testak zein DGTren testak IVAPek (Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren siglak, gaztelaniaz) euskaratu ditu. «Oso garrantzitsua da, proiektu honek eskainiko dituen testak, eta DGTra azterketa egitera joango diren ikasleek aurkituko duten terminologia berdin-berdina delako. Horrek ematen duena da berme bat; ‘galdetu didaten berdina galdetuko didate han’, esan ahal izango dute azterketa egitear dauden ikasleek».
«Ezkerretik aurreratu»
Proiektuari «gogotsu» ekin zioten, baina gero «ilusioa galduta» ibili zirela nabarmendu du, aurrera egiten ez zuela ikusita. «Oiartzun bezalako inguru batean karneta euskaraz ateratzea naturala da. Baina jendeari esaten genion agian hobeto zela ezetz, zaharkitua zegoelako. Orain, inongo dudarik gabe, proiektu polit honekin, baietz esango diegu». Oiartzun autoeskolakoaren arabera, euskarazko materiala gaztelaniazkoa baino «hobea» da, hainbat berritasun baititu. Adibidea jarri du: «Gai bakoitzaren hasieran QR kode bat dauka, azalpen txiki batekin, besteak beste. Laguntza estrak ditu, gaztelaniazkoak ez dituenak». Landetxe plazako autoeskolara hurbildu diren batzuek orain arte euskaraz ikasteko aukeragatik galdetu izan dutela azaldu du Etxebestek. Autoeskolakoek eurek ez dute gehiegi sustatu, zaharkitze-maila altua zuela eta, nahiz eta beraiek «gustura» emango zuketen. «Orain eskaria askoz hobea denez, pentsatzen dugu datorren urtean eta udaran —ikasle gehien mugitzen diren momentua delako— nabarmen aurreratuko diola ezkerretik gaztelaniazko materialari».
Euskarri fisikoaz gain, testak egiteko aplikazioa ere eskuragarri dute bi edo lau gurpildun ibilgailuak gidatzeko hautagaiek. Autoeskola bakoitzak lan egiteko modu propioa duela gaineratu du, eta beraien kasuan, mistoa dela, liburuak eta aplikazioak uztartuta. «Pentsatu nahi dugu hona etortzen dena ez dela azterketa gainditzera bakarrik etortzen eta hemendik atera nahi duela zerbait ikasita».
Euskaraz ikas daiteke azterketa teorikorako, baina zirkulazioko etsaminak eskuko galga ematen dio. Gipuzkoan ez dago euskaraz egiteko aukera handirik, aztertzaileak kanpokoak direlako, esan duenez. «Hala ere, euskaldunok abantaila dugu elebidunak izatearekin, azterketetan ematen diren gaztelaniazko jarraibideak aisa ulertzen ditugulako». Datorren ikasturteari begira, autobusentzako Gidarien Gaitasun Agiria ateratzeko materiala atera eta GGA hori euskaraz egin ahal izateko eta berritu ahal izateko aukera eman nahi dute, gaur egun existitzen ez dena, «inondik inora ere».
Orain arte diskretuki eskaini dutena, orain modu ageriago batean eskainiko dutela ziurtatu du Etxebestek. «Euskarazko liburua nahiko adreilua zen, eta ez zen batere eguneratu. Duela hamabost urteko lan egiteko moduarekin gelditu da, askoz trinkoagoa zen banatzen zen materiala. Ikasleei jartzen zenizkien euskarazko liburua eta gaztelaniazko laburtua, eta bigarrenaren alde egiten zuten; berdin zitzaien alemanez bazegoen ere». Ikasleek praktikotasunaren aldeko hautua egiten zuten.
Lengoaian, doiketak
Material berria ateratzeak ez du txip aldaketarik eragin Oiartzun autoeskolan. Izan ere, beraiek «urte asko» daramatzate euskaraz lanean, baina termino berri batzuekin ohitu egin beharko direla aitortu du Etxebestek. «Guk ere parte hartu dugu zuzenketa teknikoan, eta gure den zerbait dela pentsatzen dugu».
Autoeskolako liburuen idazkerak eta egunerokoak ez dute zerikusi handirik, eta euskarazko material berrian ez da aldaketa nabarmenik izango. «Gaztelaniaz gidabaimena atera duen edonork esango dizu liburua rollo bat dela, ez delako kalean hitz egitea bezalakoa. Gezurra esango nuke euskarazko liburuak hori edukiko ez balu. Kimika ikasten ari garenean ere gauza bera da, ez goaz kaletik haiek bezala hitz egiten». Hala ere, «behingoz» aisa ulertzen den euskarazko liburua dagoela eskertu du; hori bai, nahi eta nahi ez ikasi behar diren terminoak daudela baietsi du.
Etxebestek B motako gidabaimena ateratzeko testu-liburua hartu du apalategitik, eta ausaz ireki du orrialde bat. Esaten ari denarentzako etsenplu bat aurkitu du bertan, lehen begi-kolpean. «Hemen Argi laburrak jartzen du. Gaztelaniaz Luces de cruce eta Luces de corto alcance du izena kontzeptu berberak, eta euskaraz Argi laburrak dira. Kasu horretan, sinplifikatu egiten da».
Pasa den asteburu luzean Durangoko Azoka 58. aldiz egin zuten. 28. erakusmahaia Gidabaimenak Euskaraz-ena izan zen. Harrera «ona» izan zuela jakinarazi du Etxebestek, eta konturatu dira zer nolako «erakusleiho erraldoia» den Durangoko urteroko zita. Jende asko hurbildu zaie galdezka ea euskaraz atera daitekeen gidabaimena, eta harritzen zirela baiezko erantzuna jasotzen zutenean. «Segun eta zein tokitan bizi zaren edo non ikasi duzun, zaila da jakitea aukera hori bazegoela». Asko bueltatu ziren Landakotik liburuak besapean.
Materiala eguneratua egotearen garrantzia berretsi du Etxebestek, baina baita ere eguneratzen jarraituko duten konpromisoaren jakitun izatea eta egungo beharretara eguneratuta dagoela. «Gure ikasleek eskatzen dizkigutenak aintzat hartu ditugu. Autoeskolen Federazioak atera duen proiektua da, eta gu profesionalak izanik, badakigu zer eskatzen duen gure jendeak, eta honek horri erantzuten dio».
Urtarriletik aurrera, komertzial batek egitasmoa aurkeztuko du autoeskolaz autoeskola, eta, Etxebesteren arabera, interesa duen autoeskola orok hartu ahal izango du parte. «Azken finean, autoeskolak negozio pribatuak dira, eta bakoitzak aukeratuko du zer eman nahi duen bere etxean. Guk ez dugu dudarik; eskainiko dugu». Haien kasuan, saiatzen dira ikasleak eskatzen duen hizkuntzan eskaintzen zerbitzua. Adibide bat jarri du: Oiartzun autoeskolan ingelesez ikasten ari den bat ikasle bat dute. «Normalean, migranteak izan ohi dira, kanpotik etorritakoak, beraien ama hizkuntza ez delarik ez gaztelania ezta euskara ere. Frantsesez, alemanez, ingelesez edo txinatarrez —Zaragozan— atera daiteke gidabaimena. Azken hori ezin dugu eskaini, baina besteak bai, materiala moldatuta». Izan ere, edukia berbera denez, hizkuntza pixka bat menperatzearekin nahikoa dute.
Euskarazko gidabaimenak, beraz, argi berdea du. Euskara erabiltzen ez duten autoeskolei laguntzeko baliabideak dituzte liburu berriek. Etxebestek argi dauka: «Euskaraz eman ala ez, bakoitzaren borondatean datza. Orain arte militantzia izan da; urrats hori eginda, borondatea».