[Bideoa] Milaka herritar kalera atera dira lehen arreta osasuntsuaren alde
Egoera "larria" da: 16 medikuetatik, 2 erretiratu dira eta 5 mediku bajan daude. Mobilizazio gehiago iragarri dituzte herriko eragileek, egoera aldatu ezean.
Manifestazioa egin dute milaka herritarrek lehen osasun arreta eta larrialdi zerbitzuak defendatzeko. Manifestazioaren deia herriko auzo elkarteek (Beraun, Galtzaraborda, Kaputxino, Iantzi, Alaberga, Oiarso Erdigunea, Iztieta, Gaztaño, Gabierrota eta Agustinak), mugimendu feministak, bilgune feministak eta Duintasuna Pentsiodunen elkarteak egin du.
Egoera “larria” dela diote: 16 medikuetatik, 2 erretiratu dira eta 5 mediku bajan daude. Hori gutxi ez eta ez dituztela erretiroak ordezkatzen ez eta bajak salatu dute eta gainerako medikuek lan presio “izugarria” dutela arbuiatu dute. “Horrek herritarrentzat ezagutzen ditugun ondorioak ditu: lehen diagnostikoa egiteko zita telefonikoak asko luzatzen dira, presentziazko hitzorduak zer esanik ez, eta abar luze bat”.
Bestalde, erizaintza zerbitzua osorik eskaintzen ari direla azaldu dute, “baina errefortzurik gabe”. Administrazio zerbitzuei buruz azaldu dute “gaindituta” daudela eta ezin dutela telefonoa hartu eta salatu egin dute langile hauek bizi duten estresa eta larritasuna.
Lotsagarritzat jo dute aste santutik gaur egunera asteburuko larrialdietako zerbitzua: “Egun batzuetan sendagileak badira, behintzat, gehienetan ezta hori ere”. Gogoratu dute Iztietako anbulatorioko larrialdietako zerbitzuak Oarsoaldeko gainontzeko herritarrei ere artatzen diela: Lezo, Pasaia eta Oiartzun. Herritar kopurua, beraz, 65.000 biztanlekoa da eta egungo osasun baliabidearen egoera medio, Donostiako larrialdietara joan behar dutela salatu dute, “kolapsatuta egon ohi dena”.
Besarkada estua bidali diete haien denbora libretik ahalegin handia egiten ari diren mediku, erizain eta administrazio langileei herritarrak artatu ahal izateko. “Osasun publikoko langileek eta, oro har, Errenteriako herrikideek, elkarrekin borroka egin behar dugu Osakidetzan eta, bereziki, Iztietako anbulategian, gure herriko oinarrizko arretan gertatzen ari den zentzugabekeria honi buelta emateko”.
Gizarte arrakala onartezina dela azaldu dute, “lehen eta bigarren mailako herritarrak izatea, dirua duenak osasun pribatura jotzea eta lehen eta gainerako biztanleria osasun sistema murriztura” Gogor gaitzetsu dute era horretako osasun sistema “publiko-pribatua”.
Seinalatu egin dituzte osasun publikoaren egoera “zentzugabearen” erantzuleak: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Gotzone Sagardui, Iñigo Urkullu eta abar”. Egoera “larri” hontaraino iristearen erantzule egin dituzte, “aurreikuspen ezarekin, gaitasun ezarekin eta, bai, osasun negozio bihurtzeko ideiarekin”.
Antolatzaileek ez direla mobilizatzeaz gelditu abisatu dute, “gure bizitzentzat funtsezkoa den egoera hau konpondu arte”. Etorriko diren deialdiak mailaz igoko dituztela ohartarazi dute, “Sagardui anderearen sailak ez badu erreakzionatzen”.